MUSIKA

Petti, Balerdi Balerdi eta The Young Wait, “Salda Badago” jaialdian

Ostiralean, Salda Badago jaialdiaren bosgarren edizioa egingo da Donostiako intxaurrondo kultur etxean, 22:00etan. Agertokian ondokoak arituko dira: Petti, Balerdi Balerdi eta The Young Wait.

Pettik lan berria aurkeztuko du Salda Badago jaialdian. Disko hori, hain zuzen, apirilaren 21ean, plazaratuko du, Elkar argitaletxearen bidez. Berakoak Etxeko Uzta taldearekin grabatu du diskoa: Joseba Irazoki, gitarra; Iñigo Telletxea, baxua eta Igor Telletxea, bateria.

Elkar diskoetxearen arabera, “Pettiren diskoa, modernoa eta kalitate handikoa izango da. (…) Barrutik ateratzen diren kantu leunak, zeintzuk bizitza zailen memoriak daramatzaten, sentimendu zatikatuak, pasioak eta ametsak agertzen dituzten. Blues-rock-folk energikoa eta goxoa”.

Balerdi Balerdik power pop kantuekin josiriko hiru disko argitaratu zituen 90eko hamarkadan, bestelako estiloak baztertu barik. 2012an, baina, agertokietara itzuli ziren, eta Hegoko Lautadaren Ertzetik argitaratu. Garai hartan plazaratutako diskoetan egon zitezkeen kantuak bildu dituzte, hala nola, Ez dut jakin nahi eta Argia piztuta gogoan power-pop ereserkiak, folk-rock kutsuko Egiozu kasu edo taldearen ironia zaletasuna erakusten duen Iruñean rokanrolik ez gogorra. Ezuste handiena ska estiloko Ezkabapean da. Petti, gainera, Balerdiko kide aritzen da, azken boladan.

Azkenik, The Young Wait Alabamako Chip Kilpatrick (Wild sweet orange, The great book of John…) bateria-jotzaile estatubatuarrak eta Fer Garcia musikariak eratutako egitasmoa da. The Band, Tom Petty, Tom Waits… eta antzeko izen klasikoetatik edaten duten lan homonimoa argitaratu dute.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button