MUSIKA

Peter Pan Speedrock talde holandarrak Mogambon joko du gaur

Peter Pan Speedrock hirukote holandarrak abiadura handiko rock-and-roll lohia jotzen du. Eindhoven hiriko taldeak Zeke, Motörhead edo Gluecifer bezalako piztien iturrietatik edaten du. Holandarrekin batera, The Dispositives rock talde donostiarra izango da gaur Donostiako Trintxerpe auzoko Mogambo aretoan, 20:00etan.

Hirukoteak 20tik gora grabazio argitaratu ditu, horietako batzuk Danko Jones, Gluecifer edo Zeke munstroekin partekatuak. Horretaz gainera, hainbat aldiz aritu dira Europan eta AEBetan barrena kontinenteak kiskaltzen. Emanaldiotan makina bat bandarekin jo dute, tartean, haien idoloak diren Motörhead, Nasville Pussy eta Turbonegrorekin.

Red Ribbon Music agentziak jakinarazi duenez, kontzertua saltoka aritzeko, dantzatzeko, oihukatzeko, eta batez ere, edateko eta rockaz gozatzeko izango da.

Bestalde, The Dispositives boskote donostiarra 2009. urtean eratu zen, 90eko hamarkadako rock eskandinaviarraren eraginpean, alegia, The hellacopters, Turbonegro, Gluecifer, eta antzekoen itzalpean. Hortaz, rocka da hemen ere nagusi, pop eta soul zertzeladak ere antzemen daitezkeen arren. Taldea honako musikariek osatzen dute: Tania (ahotsa), Dani (gitarra), Txangi (bateria) Mai (baxua) eta Danel (gitarra).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button