ARTEA

Pertsonak komunitatearekin duen harremanaz

Artiumek, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, ekainaren 8tik irailaren 15era luzatuko den Juan Carlos Meanaren Nos[ Yo ]Otros erakusketa aurkeztu du.

Meanak, erakusketa honetan, “hausnarketa egiten du pertsonak komunitatearekin duen harremanaz eta nortasun indibidualaren mugez, bai kanpoko munduari, bai norberaren barneko munduari dagokionez”.

Jose Angel Artetxe komisarioak azpimarratzen duen bezala harreman hori, Juan Carlos Meanarentzat, “ez da beti erosoa gertatzen, gatazkatsua baizik, eta maiz, nortasunaren mugei dagokienez bereziki, komunitatearen barnean (identitate jakin bat bideratzeko xedea duten gizarte-mekanismoak), nahiz komunitatearen kanpoan (mugak, atzerria)”.

Sei sailetan banaturik dator erakusketa: Laboratorio de conflictos, Comunidad, Pertenencia, Asépticos, Después de Narciso eta Creencias. Erakusketa hau dela-eta artistak seinalatzen duen bezala, “hiru dimentsioko lan hauetan gizabanakoaren eta taldearen arteko tentsio horren alderdi jakinak lantzen dira: bortizkeria, leialtasuna, zaintza, konspirazioa, kemena, etab.”. Horretarako, hainbat elementu sinboliko erabiltzen, konbinatzen eta elkarrekin lotzen ditu Meanak, hala nola, bala-zorroak, xaboi-piezak, zeramikazko platerak, neurketa-instrumentuak, ispiluak, adreiluak, su-armen zatiak…, eta elementu horiek gai jakin batzuk lantzen dituzte, nola diren muturreko bortizkeria, gatazkaren aurreko eraginkortasunik eza, edo zenbait prozesu industrialen giza kostua.

Juan Carlos Meana (Gasteiz, 1964) Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Pariseko Goi Mailako Eskola Nazionalean trebatu zen. Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza eskuratu zuen, eta pintura izan zuen lehen arte-jarduera, nahiz eta  90 hamarkadatik aurrera eskultura, instalazio, argazkigintza eta bideoaren aldera egin zuen. Harrezkero, erregulartasunez erakutsi du bere obra, banakako erakusketetan hainbat hiritan, Londres, Vigo, Coruña, Gijon, Valentzia, Gasteiz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button