ARTEA

Pertsona, kale, objektu eta paisaien argazki ahaztuak

Kutxa Kultur Arteguneak Vivian Maier. Argazkilari errebelatua izeneko erakusketa abiatu du. Urrira bitartean bisitatu ahalko da hil ondoren famatu zen Vivian Maier argazkilariaren erakusketa.

Vivian Maier (New York, 1926, Chicago, 2009) argazkilari amerikar hau Frantzian bizi izan zen aurrena, eta New Yorken gero, baina bizitzaren zatirik handiena Chicagon eman zuen. Lehenengo kamera, Rolleiflex bat, 1952 aldera erosi zuen, eta  New Yorkeko kaleetako eguneroko bizitza erretratatu zuen.

Bere obra ahaztua, ustekabe bati esker topatu zen. Chicagori buruzko liburu bat idazten ari zen John Maloof zinemagileak negatibo kaxa bat erosi zuen enkante batean, liburua ilustratzeko ondo etorriko zitzaizkiolakoan. Material horren atzeko historia ezagutzeko irrikan izan zen denbora batez eta, ikerkuntzaren ondorioz 1960 edo 1970etik errebelatu gabeko makina bat argazki berreskuratu zituen. Zorionez, Vivianek errebelaturiko negatiboak zerrendatan antolatuta zeuden, eta data eta lekua frantsesez idatzita zituzten.

Erakusketa honetarako 135 argazki bildu dira, eta sei gai taldetan banatzen dira: Erretratuak (atal honek emakumeen, agureen eta kalean bizi diren pertsonen argazkiak biltzen ditu, batik bat); Autoerretratuak (milaka eta milaka egin zituen, bera nor zen deskubritzeko aukerak bezain beste); Formalismoa (atal honek primeran definitzen du Maierren obsesioa, ez horrenbeste irudiagatik, baizik eta argazkiak egiteko ekintzagatik. Pertsonen, kalearen, objektuen, paisaien argazkiak egiten zituen); Kaleko irudiak (New Yorkeko eta Chicagoko arkitekturaren eta hiri bizitzaren argazkiak); Haurtzaroa (Vivian Maierrek enpatia handia zuen haurrekin); eta Koloretako argazkiak (1965etik aurrera, Maierrek koloretako argazkilaritzari heldu zion, Leica batekin hasi baitzen lanean).

Xehetasun guztiak: Kutxa Kultur Artegunea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button