Nontzeberri

“Pelikuletako hondamendia”

Maia herrien egutegiaren interpretazio batzuen arabera, abenduaren 21ean munduaren amaiera dator. Planetaren desegite horren harira, Gasteizko Artium zentro eta museoak munduaren amaieraren inguruko zine zikloa ondu du hiru ataletan. Hala, bihartik, azaroak 20, abenduaren 23ra bitarte makina bat film apokaliptiko ikusi ahalko dira Arabako hiriburuan Pelikuletako hondamendia izenburupean.

“Hondamen nuklearrak, birusak, manipulazio genetikoa, hirugarren mundu gerra, estralurtarren inbasioak, katastrofe ekologikoak, planeten arteko elkar jotzeak …”, izango dira film horietan agertuko diren zorigaiztoko elementu batzuk. Zikloa hiru mugimendutan ardazten da.

Hala, Lehenengo mugimendua atalaren baitan, bihar, 11:30ean, Atrakzioen muntaketa izeneko erakusketa aurkeztuko dute bisitaldi gidatua dela medio, eta gero, La Jetée (Chris Marker, 1962) zientzia fikziozko film laburra proiektatuko dute. “Gerra atomiko baten ondoren esperimentu gisa denboran egindako bidaia baten istorioa kontatzen du”.

Bigarren mugimendua atalean munduaren amaiera izango dute aztergai, eta horretarako lau film proiektatuko dituzte: abenduaren 6an, Apocalypto (Mel Gibson, AEB, 2006); 7an, Melancolia (Lars Von Trier, Danimarka, 2011); 8an, Doomsday (Nick Everhart, AEB, 2008), eta, azkenik, 9an, El día de Mañana (Roland Emmerich AEB, 2004).

Hirugarren mugimendua eta azkena, planetaren hondamendiaren harira, sortu daitezkeen etorkizunak izango dira protagonistak. Horretarako, zikloaren arduradunek hiru pelikula aukeratu dituzte: abenduaren 21ean, Last Night (Don Mackellar, Kanada, 1998); 22an, Sacrificio  (Andrei Tarkovski, Suedia, 1986); eta, amaitzeko, 23an, Children of Men (Alfonso Cuarón, Erresuma Batua, 2006).

Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, jatorrizko bertsioan, eta gaztelaniazko azpitituluekin. Zikloaren inguruko xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, sartu artium.org webgunean.

Exit mobile version