ARTEA

Paul Alexandre argazkilariaren erakusketa intimista eta minimalista, Iruñean

Paul Alexandre argazkilari eta artista frantsesaren Geldotasuna (L a lenteur) argazki erakusketa berria zabaldu du Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinak, datorren urtarrilaren 19a arte  ikusgai  dagoena.

63 argazki jasotzen ditu erakusketak, eta horietan, edozein denbora- erreferentzia baztertzen da, bai zuri-beltzeko irudietan, baita xehetasuna nagusitzen denetan ere. Artistaren keinu txikiak dira, bisitaria gaur eta orainetik aldentzera daramatenak. Hala, zehaztugabeko garai batera zein errealitate soil baina iradokitzaile batera bidaiatzeko gonbitea luzatzen du artistak.

Era horretan, bat-bateko  itzalak, hostoak, hodeiak, haurrak jolasean edota hiri-eszenak irudikatzen ditu, “xehetasunak islatu eta arruntasunean apartekotasuna bilatzeko asmoz”, Anne Morin erakusketaren arduradunak azaldu  duenez.

Ustekabeko ohiko irudiak, arte bihurtzen ditu argazkilariak, bai irudien enkoadratzeari dagokionez, baita argia, forma eta eszenan harrapatzen duen irudiari dagokionez ere. “Leiho ireki bat, erdi irakurria dagoen liburu bat bezala dira”, Morinen esanetan.

Horretarako azken hamabost urtetan Polaroid argazki kamera bat baliatu du artistak eta argazkiek nolabaiteko diakronia bat bilatzen dute, edozein jarraikortasun linealetatik ihesi. “Argazki hauetariko bakoitzak denboraren modu bat birsortzen du tentsio eta askapenen arteko jolas sotil baten bidez”, gaineratu komisarioak. Hala, irudi  intimistak eta oso lan minimalistak direla azaldu du erakusketaren komisarioak, “bakoitza poesia bihurtzen duena”.

Paul Alexandre eskultore, argazkilari eta idazlea da, diskrezioa bere bizitzako arlo guztietara eraman duena. Bizitza eta izadiaren xehetasun txikiei buruzkoa da haren lana, eta horiexek islatzen ditu bere argazki eta eskulturetan. Izan ere, jendaurreko edozer agerralditik ihesi eta teknologia berriekiko arrotz, urteak daramatza Alpeetako herri txiki batean bizitzen, Interneterako konexiorik gabe, eta uko egiten dio jendaurreko ekitaldietan agertzeari.Berriki L’Isle Sur la Sorgue (Frantzia) udalerriko Campredon Arte Zentroan erakutsi ditu lanak, Jessica Lange aktorearekin egindako erakusketa batean.

Erakusketaren ordutegiak eta xehetasun guztiak dituzue, Iruñeko Udalak duen webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button