MUSIKA

Patxuko Nice taldeak “Quim-en marrazkia” izeneko diskoa kaleratu du

Patxuko Nice taldearen laugarren diskoak pop leun eta leuntzaileak reggaerekin nahasturik dakartza soinuak. Gaur goizean, Donostiako Baga Biga Faktorian aurkeztu dute laugarren lan hori, Quim Moya artista katalanarekin batera.

Patxuko Nice taldeak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2012) musika irtenbide berriak edota kokapen musikal altruistak izan zituen buruan musika ibilbideari hasiera ematerakoan. Geroago, taldekide batzuk sartu eta beste batzuk irten ondoren, proiektuak oinarri sendoagoak lortu ditu. Horren adibidea, azken lan interesgarri hori da.
Laugarren diskoa, Quim-en marrazkia, 2019aren bukaeran eta 2020ko urtarrilean grabatu eta nahastu du Pello Gorrotxategik Ereñotzuko Aieka estudioan. Masterizazioa 2020ko otsailean Jonan Ordorikak egin du Mamia estudioetan, eta lan berrian honakoek hartu dute parte: Txus Aranburu teklatuetan; Oskar Benas koro eta perkusioan; Ohiana Rodriguez teklatuetan; Letrak Oier Guillan, Amagoia Gomez, Juan Carlos Ordoñez, Ernesto Villar, Raul Artieda eta  Patxukorenak dira. Quim Moyak diseinuak, irudiak eta marrazkiak egin ditu.

Baga-Bigako lagunen iritziz, “barnerakoitasuna da girorik sentikorrena Patxuko Nice taldean, eta samur helaraziko digu mamiaren argia. Umiltasun musikalarekin jositako pop doinuak reggae zaparradekin bustita. Baina horren guztiaren gainetik beste bereizgarri eta nolakotasun bat gordetzen dute gitarretan, Itoiz taldearen reggae gitarren usaina barruraino daukate sartuta eta, funtsean, hor dago Patxuko Nice taldearen ekarpen sotila modu xaloan erakutsia”.

Quim Moya artistak taldearen musikarekiko bere harremana zertan den kontatu du: “Pinturarekin edo musikatik abiatutako pinturarekin lotutako musika… ez bata eta ez bestea. Artista gisa Sergio Patxukorekin sortzeko aukera pribilegio bat izan zen pertsonarekin partekatu ahal izatea, eta artista, berriz, izugarri miretsia. Eta intentsitate horretatik, oso erraz sortu zen arte bisualaren eta musikaren arteko lotura. Izan ere, solasaldi etereoetan eta errespetuzko isiluneetan partekatutako denborak ateak ireki zizkion gure unibertsoei kolorea eta forma emateko mundu bati, honek abentura handi baten konplize bihurtu gintuen, eta gainera irudien jarraipena dago, hori da Patxuko Nice taldearekin dudan harremana”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button