LITERATURA

Patxi Iturregik “Ur biren artean” obra argitaratu du

Patxi Iturregik Ur biren artean liburuko narrazioak I. Mundu Gerraren garaietan kokatu ditu. Izan ere, orain dela 100 urte, 1914 eta 1919 bitartean, munduak ordura arte ezagututako gerrarik gogorrena bizi izan zuen, gerora Lehen Mundu Gerra deituko zitzaiona, Europako lurralde gehienak ez ezik ozeano guztiak ere hartu zituena. Bilboko itsasontziak, bandera neutrala dutenez, ez daude ofizialki gerran, baina gatazka orokorrak ondorio nabarmenak ditu hirian, ontzioletan, barkuetan… Potentzia lehiakideek lehengaiak behar dituzte eta ondo ordaintzeko gertu daude, baita hornigai horiek etsaiarengana iristea eragozteko prest ere.

Elkar argitaletxearen arabera, “giro nabar eta nahasi hori fikzio bihurtu du Patxi Iturregik dozena bat ipuinetan: alde bateko eta besteko espioiak, portuko eta ontzioletako langileak, kontrabando ilegalean dabiltzan merkantzia-ontziak, saltzaileen larriak, langabetuen estutasunak, jauntxoen dibertimenduak… Hiriaren eta itsasadar osoaren taupada biziak jasotzen ditu Iturregik, teknika, gai eta erregistroen ugaritasuna eta kontagintzarako trebezia erakusten duten istorioetan”.

Egilearen laugarren lana da orain argia ikusi duena, baina bereak ere badira Haize kontra (2006), Behi eroak (2003) eta Dioramak (2006). Laudion jaio zen 1952an. Nautika ikasi zuen Portugaleten eta ozeanoetan barrena ibili zen zenbait urtez. Gaur egun, jaioterrian bizi da eta bertako euskaltegiko irakaslea da, baina kresalaren usaina ez da desagertu bere bizitzatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button