BERTSOTAN

Finaletarako paseak Bertxoko eta Bizkaiko Txapelketan

Aurreko ostiralean, azaroak 5, jokatu zen Ozaetako txokoan, 2010eko Bertxoko Sariketako lehen kanporaketa. Bertan Odei Barroso urruñarra, Unai Gaztelumendi añorgarra, Jone Uria algortarra, Ekaitz Samaniego gasteiztarra, Ainhoa Comas amurriarra eta Kristiñe Txoperene hendaiarra ibili ziren nor baino nor Idoia Beitia gai-jartzaile aramaioarraren gidaritzapean finalera pasatu nahian.
Saioa orokorrean nahiko arina eta umoretsua izan zen, bertso ideia eta xelebrekeri bat edo beste ikusi zirelarik. Bakarkakoan gai ezberdinak iradokitzen zituzten kamisetak eman zitzaizkien bertsolari bakoitzari. Eta amaierako agurretan guztiek eskertu zituzten bertako giro beroa eta txaloak. Baina guztiak finalera ezin direnez pasa, Jone eta Odeien alde egin zuten epaileek, eta hauek lortu zuten finalerako txartela.
Azaroaren 12 eta 18an jokatuko dira beste bi kanporaketak, Laudio eta Gasteizen, eta 26an finala Trebiñoko sagardotegian izango da.

Bizkaiko Txapelketako Getxoko kanporaketan Beñat Ugartetxea izan zen onena. Berarekin Gorka Ostolaza, Olatz Ibarluzea, Eneko Arrate, Eñaut Uruburu eta Ion Barrocal aritu ziren 300 pertsonen aurrean. Oihana Bartra (Mungiako irabazlea), Jone Uria (Balmasedako irabazlea), Ibon Ajuria (Aulestiko irabazlea), Miren Amuriza (Igorreko irabazlea) eta Beñat Ugartetxea(Getxoko irabazlea) izan dira orain arte kanporaketa guztietako irabazleak.

Bizkaiko Txapelketak eta Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button