BERTSOTAN

“Bertsolaritza: gorputza, gorpuzkera eta gorputzaldiak”

Etzi, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, Uxue Alberdik Bertsolaritza: gorputza, gorpuzkera eta gorputzaldiak izeneko hitzaldia eskainiko du, 19:30ean. Bertsolaritzaren errealitatea emakumezkoen ikuspuntutik ezagutzeko aukera paregabea izango da hau.

Uxue Alberdi, idazle eta bertsolariak bertsolaritzaren panorama aztertuko du ikuspegi feminista batetik. Horretarako, galdera hauek erantzuten saiatuko da: zein da emakume bertsolarien errealitatea? Eroso sentitzen dira bertsolaritzaren moldean? Badute euren molde propiorik? Zer dute eskaintzeko? Nola errimatzen da berdintasunaren doinu propioan?

Udako Unibertsitatean parte hartu zuen Uxuek eta hitzaldiaren gairen inguruan honelakoak adierazi zituen: “Emakume gorputza eraikuntza oso bat da, eta eraikuntza horrek norberari eragiteaz gain publikoari ere eragiten dio. Ni emakume modura eraiki naute eta hala eraiki dut neure burua: umetatik balore batzuek neureganatzeko, rol batzuek betetzeko, jarrera batzuek, gorpuzkera batzuek neureganatzeko hezi naute, eta horretan trebatu naiz, gehienetan inkontzienteki. Esango nuke emakume guztiok hasi garela bertsotan neutroak ginela pentsatuz, baina oholtza leku ezin hobea da gure eraikuntzaz eta gizarteak gutaz espero duenaz jabetzeko. Zergatik jartzen dizkigute “emakumeei buruzko gaiak” emakumeei bakarrik? Zergatik eskatzen zaie gizonei politikaz kantatzeko? Zergatik jartzen gaituzte emakumeok desiratu eta gizonak desiratzaile roletan? Zergatik sentitzen naiz erosoago bakarkako lanetan puntu erantzunetan baino? Zergatik eskatzen didate saio guztietan nire amatasunaz kantatzeko eta Andoni Egañari ez? Zergatik ematen dit lotsa zenbat kobratzen dudan esateak (eta zergatik uzten diot prezioa esateko ardura gizonezko bertsolariari?)? Zergatik egiten dira emakumez osatutako saioak martxoaren 8an eta azaroaren 25ean bakarrik?
Emakume bezala izan dudan eta kolektiboki dugun eraikuntzaz jabetzeak, kontzientzia feministak, gauza asko ulertzeko bidea eta eraldaketarako tresnak eskaini dizkit, eta oholtzak esperimentaziorako gune aparta”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button