ESZENA

Tanttaka konpainiaren “Giltzadun etxea”, Andoainen

Ostiralean, Tanttaka konpainiaren Giltzadun etxea ekoizpen berria ikusteko parada egongo da Andoaingo Bastero Kulturgunean. Fernando Bernuesek zuzendu du, eta bertan Ainhoa Aierbe, Vito Rogado eta Mireia Gabilondo dira protagonistak. Ainara LeGardon musikariak egin du zuzeneko soinu bandak eta Maialen Sarasuak eszena janzten duten irudi ederrak.

Lanaren sinopsia hauxe da: “Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako (Larrialdi Egoeretarako etxe bat eta Abegi etxe bat) bizitza biluztuko digute. Poema bilduma errukigabe honen egile den Mada Alderetek zazpi urtez egin zuen lan horrelako etxe batean hezitzaile gisa”.
Egileak berak dioen bezala, “egia penagarri honetan gezur bakarra, tamalez, erabilitako izen bereziak izango dira”.

Igandean, toki berean, beste proposamen eszeniko bat ikusteko abagunea izango da: Marie de Jongh konpainiaren Izar obra. Izar lanak Amour eta aurreko ikuskizunen ildoa jarraitzen du, hitzik erabiltzen ez duen keinuzko lana eskainiz, komedia eta karga emozional handiko istorioa uztartuz, 7 urtetik gorako ikus-entzuleentzat. Elisa Sanzek bere magia eskaintzen du eszenografia eta jantziak sortzean eta ikuskizunaren ikuspegi orokorrean, antzezlanaren zuzendari artistiko gisa. Obra honetan, Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Meabe eta Ana Martínez artistek hartzen dute parte.
Marie de Jongh konpainiaren aurreko lanean bezala, taldeak maskararen aldeko apustua egiten du. Eta azpimarragarria da, baita ere, Iñaki Salvadorrek idatzitako musikaren pisua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button