Nontzeberri

“Paperbizi” eta “Euskaldun-berriak?” saritutako egitasmoak aurkeztuko dira gaur, Gasteizen

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak elkarteak elkarlanean antolatutako Batera deialdiak Paperbizi eta Euskaldun-berriak? egitasmoak saritu ondoren, Esti Agirre eta Kauldi Iriondo gasteiztar gazte irabazleek gaur, 20:00etatik aurrera, aurkeztuko dituzte euren egitasmoak.

Esti Agirrek egindako Paperbizi proiektua, Gasteizko begirada anitzen arte-liburua da. Pertsonei buruzko proiektu honek argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotu ditu, panpintxo xelebreak protagonista direla.
Geroago, uztailaren 7ra arte Jovellanos aretoan ikusgai egongo den Euskaldun-berriak? Kauldi Iriondoren proiektua eta erakusketa inauguratuko da. XXI. mendeko Euskal Herriko komunitate euskaldun berria islatzen duen 12 argazkiz osatutako proiektu dokumental honek hiri zein herri txikitako euskara eta euskaldunen ahotsei irudia ematen die.

Formazioa egiteko aukeraz gain, bakoitzak 1000 €ko saria eskuratu zituen baina gazteek Crowdfunding kanpaina bat abiarazi zuten proiektuak erdiesteko. Kanpaina horren bitartez, beste hainbeste diru lortu dituzte. Hala, egitasmoak aurkeztearekin batera, crowdfunding kanpainan agindutako sariak banatuko dituzte: arte liburuak eta ilustrazioak Paperbiziren kasuan; eta argazkiak, formatu eta euskarri ezberdinetan Euskaldun-berriak? proiektuan.

Informazio gehiago, Ohaianeder Euskararen Etxearen web atarian.

Exit mobile version