BESTELAKOAK

Paper gaineko artearen eta grabatuaren azoka, Bilbon

FIG Bilbao, paper gaineko artearen eta grabatuaren nazioarteko jaialdiaren zortzigarren edizioak, bihar azaroaren 14an, zabalduko ditu ateak Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan garatuko da, datorren azaroaren 17ra arte.

Tailerrak, zuzeneko erakustaldiak, Fabiola Gilenen masterclassa, profesionalen arteko topaketak, Zaloa Ipiña artistarekin bisita gidatuak, zuzeneko musika eta beste hainbat jarduerek osatuko dute aurtengo egitaraua.

Jaialdia aurten nagusiki Artea eta emakumea, Artea &Enpresa eta Nazioarteko Grafikagintza gaien inguruan ardaztuko da, eta arlo horietako hainbat artista eta aditu bertan izango dira gonbidatu gisara: Carlos Guerrero, Begoña Torres, Elisa Hernando (Artea &Enpresa); Carmen Calvo, Nekane Aramburu, Juan Ramon Barbancho (Artea eta emakumea) edota Alicia Candiani eta Proyecto ACE (Nazioarteko Grafikagintza), beste batzuen artean.

Gainera, Bizkaiko ilustrazioaren egoera ere aztertuko da Kike Infame hizlariaren eskutik. Tradizionalki ilustrazioa editorialei eta, bereziki, haur eta gazteentzako liburugintzari lotuta egon bada ere, gaur egun ilustrazioak diseinu grafikoan eta animazioan zeregin garrantzitsua dauka. Hala, hitzaldian, ilustrazioak Bizkaian 1975tik aurrera izan duen garapena aztertuko da.

Nabarmentzekoa da, gainera, nazioarteko parte-hartzaileen kopuru handia eta grabatu-tailerren egitarau berria: Fotolitografia, Estanpazioa, Identikit argazkien eraikuntza prozesua, grafikagintza esperimentala, Gyotaku eta Litografia tailerrak, hain zuzen. Hala, diziplina hauetan bereziki adituak diren eta ospe handia duten komisario edota  galeristen eskutik, artearen teknika eta prozesu ezberdinak erakutsiko dira tailerretan. Antolatzaileen esanetan, tailerren helburutako bat da “jaialdiaren izaera dibulgatzailea indartzea eta truke-sareak ezartzea”.

Askotariko jarduera paraleloen artean duzue ere, Open Portfolio FIG programa. Horren bitartez, sortzaile berrien lanak ikusgai jarriko dira.

Egitarauaren informazio osoa duzue figbilbao.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button