ESZENA

Pantomimak, bizidun objektuek, paper-antzerkiak eta txotxongiloek hartuko dute Bilbo asteburuan

Bihar bertan, azaroaren 23an, hasiko da Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio berria, abenduaren 1era garatuko dena. Aurtengoan, 12 herrialdetako 14 konpainien kalitate handiko ikuskizunez gozatzeko aukera izango da.

Hala, bihar azaroaren 23an, Pabilloi 6 aretoan,  Vagor & Bellavita pantomima eta objektu antzerkia eskainiko du Brasil  eta  Italiako Dromocosmicas  konpainiak. Pailazo biren istorioa dugu hau: tokia, ogia eta eguneroko estutasunak partekatzera behartuta dauden arloteak.
Egoera dibertigarriak eta poetikoak baliatuko dituzte beren mundua erakusteko; trikimako bilakatzen diren lataz eginiko mundua, tartean azenario diren klarineteak eta melodiak sortzeko kapazak diren botilak agertuko zaizkigula. Lengoaia eta gai unibertsalak erabiliz, adin guztietako ikuskizuna da.

Igandean, berriz, azaroaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, emanaldi bikoitza eskainiko da La Fundicion aretoan. Lehena, Lida Varvarous greziar konpainiaren Lost Love –Painttelling erabateko estreinaldia izango da. Joan eta etorri egiten duen maitasunaren istorioak kontatuko digu konpainia honek, “maitasun galduaren gaineko hitzik gabeko narrazioan”.  Inprobisazio plastiko honi erritmoa ematen dion musikari jarraituz, jendaurrean arte-lan bilakatzen den istorio da Lost Love; esperientzia bakarra, liluragarria, zintzoa eta sinesgarria non artistak eta ikusleriak emozioak partekatzen dituzten.

Eta ondoren, Vivirdelaire Peppet Theatre valentziar konpainiak, Miramar altrament dit Althea paper-antzerki emanaldia dakar,  antzezleak baliatzen dituen txotxongilo-ikuskizuna eta itsasoan bizi direnei eta betiko maitasun garbiari eskainitakoa.

Igandean ere, baina  Campos Antzokian eta 18:00etatik aurrera, beste emankizun bat: La Enana Naranja Bilboko konpainiaren, Kantukantari II, txotxongilo, musika eta objektu antzerki  teknika erabiliko duen ikuskizuna. Bertan,  “oroimenean ditugun abestiak bildu ditu, erritmo ezberdinetara eramanda, nagusiek ez ahazteko eta txikiek ikastea izan dezaten. Protagonista bihurtuko diren txotxongiloak bidaide izango ditugu: sagutxo bi, itsasontzi batean; lan egitera joan nahi ez duten Txonbo eta Ziku; ferian txakurra erosi nahian dabiltzan Nana eta Granu.

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 38. edizio honetan ere, iaz izandako kalitate mailari eutsi nahi izan diotela azaldu du Juanjo Corrales jaialdiko zuzendariak, eta horretarako, txotxongilo zein objektu bizidunak ardatz dituzten hamaika teknika erakusteko profesionalei zuzendutako tailerrak eta ikastaroak ere ondu dituzte.

Egitarauaren xehetasun guztiak dituzue bilbaotxfest.org web orrialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button