LITERATURA

Pamielak “Izuen gordelekuetan barrena” berrargitaratu du

Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena liburuaren aurkezpena egin dute gaur Josemari Iturralde eta Harkaitz Cano idazleak eta Jose Angel Irigaray Pamielako kideak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Liburua ia desagertuta egon da aspaldi honetan. Orain berriz argitaratzen da, egileak zuzendua eta hitzaurre berri batekin.

1981ean argitaratu zen Izuen gordelekuetan barrena, Joseba Sarrionandiaren opera prima izan zen. Egileak honela zioen espetxean idatzitako hitzaurrean: “Poesia liburu hau argitaratu egin behar zela esan zidatenean zalantzan geratu nintzen, nahiago bait nukeen liburudendetan baino gordairu zaharren batetan atxikitzea, neuri eta adiskideei bakarrik dagokien lana izatea alegia, eta ez epaia espero duen erakustokiko alea….. Errez idazten dira poemak, baina poesia ona idaztea gauzarik zailena da. Nire aldetik, narratibaren alorrean hobeto senditzen dut ene burua: aisago eskribatzen dut eta lasaiago geratzen naiz argitaratzerakoan. Poesia egitean zalantzak ditut, eta argitaratzerakoan gehiago, ez ote dudanentz poetikarik gabeko edo poetika ahuleko poemagintza egiten. Edozelan ere badakit gauza bat, aitzakia izan nahi ez duena: ez dudala aurrerantzean era honetako poesiarik eginen.”

Lanak sorpresa bat ekarri zion garai hartako literaturari eta  aldeko iritziak laster nabarmendu ziren. Zenbait poema kantu bihurtu ziren, egilearen idazteko moduak asko liluratu zituen. Azkenean, hamarkada hauetako euskal poesian erreferente bilakatu zen. Bertan ageri dira gerora Sarrionandiaren obrako ezaugarri nagusiak izango zirenak, eta liburuz liburu gako eta ardatz izango zirenak eta oihartzun zabalak bilduko zituztenak.

Hemen irakurri ahal dituzue poema zoragarriak.

atearen aitzinean baratza
baratz erein berria
euriaren esperoan bezala
halantxe espero zaitut maitea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button