MUSIKA

Kulturaz beteriko urte berria, Getxon

Hasi den urte berriko urtarriletik apirilera bitartean, Muxikebarrik berrogeita hamar ikuskizun baino gehiago hartuko ditu. Denetarik programatu da bertan: antzerkia, musika, dantza, zinema,…  gainera, haurrentzako hamabost ikuskizun ere bertan plazaratuko dira eta horietako batzuek tokiko ikastetxeetako ikasleen artean kultura sustatzeko hezkuntza-programaren proposamena osatuko dute.

Getxon programatu diren kontzertuak aletuko ditugu hemen, izan ere, musikarekin hasiko da programazioa, urtarrilaren 4an. Egun horretan, Gospel klasikoak kontzertua programatu da. Gospel klasikoak Goiko gela izeneko taldean aritzen diren Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romanoren azken ikuskizuna da. Oraingo honetan, euskarara egokitutako gospel musikaren klasiko ederrak eta ingelesezko jatorrizko bertsio batzuk kantatuko dituzte. Hilaren 12an, Ibil Bedi taldearen txanda izango da eta bere azken lana aurkeztuko dute Getxon: Goldea. Lehen hilabeteko proposamena La La Love You talde madrildarraren eskutik amaituko da.
Otsailean Los Retros euskal taldea, La Resistencia telebista-saioko kolaboratzaile den Grison beatboxer ezaguna, eta La Traviata opera programatu dira. Martxoan Vulcanizadas eta Burning taldeak arituko dira. Martxoan ere diziplina anitzeko bi ikuskizun interesgarri egingo dira: Odola kantari, Unai Elorriagaren testuak eta Josu Aurrekoetxearen musika batzen dituen lana; eta Anonyme Popular, Igor Elortzaren bertsoak eta Rafa Ruedaren musika uztartzen dituen saioa.
Eta apirilean, honako artista eta talde hauek jardungo dira: Marlena pop bikote gaztea; Mayte Martín abeslaria, Laguna Goonsen garaje eta psikodelikoen erritmoak, eta Pio Lindegaarden omenaldia.

Bestelako diziplinetan ondu diren saioak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button