MUSIKA

Pájaro taldea Atarrabian eta Bilbon pausatuko da

Pájaro izenaren atzean Andrés Herrera musikari sevillarra dago. 2012an Santa Leone diskoa argitaratu zuen eta hedabide askok urteko lan onenen zerrendan sartu zuten. Esate baterako, Espainiako Ruta 66 musika aldizkariaren aburuz, iaz Espainian argitaratu zen disko onena izan zen.

Pájaro Atarrabiako Kultur Etxean izango da otsailaren 20an, Jai-O-Rama jaialdiaren baitan, bai eta Bilboko Kafe Antzokian ere, otsailaren 21ean.

Andres Herrera musikari ezagunekin arituriko gitarra jotzailea da, euretariko asko 70eko hamarkadako Sevillako rock eszenako alprojak, hala nola, Kiko Veneno, Pepe Begines, eta Pata Negra taldeko Rafael eta Raimundo Amador. Azken horrek Santa Leone diskoa ixten duen Palo Santo doinu instrumentalean parte hartzen du: Mexiko eta AEBetako mugan, legez lanpoko etorkin andaluziarrek eginiko doinu akustikoa.

Herreraren musika kutsu zinematografiko handia duen western-rocka dela esan daiteke. Diskoaren izenburuak Sergio Leone spaghetti western generoko filmen soinu bandak idatzi zituen musikaria aipatzen du.  Era berean, Quentin Tarantinoren filmak janzteko ere doinu sorta iradokitzailea gordetzen du horrenbeste laudorio jaso dituen lan honek.

Dena dela, askotariko jario horretan, jazza eta tangoa (Las Criaturas II) edo bluesa (TLP) ere biltzen dira. Horrela, Pájarok Sevilla, Texas, Napoles, Nueva Orleans, Roma, Almeria eta Memphis hirietako oihartzunak uztartzen ditu bere obran.

Musikari andaluziarraren bandcamp webgunean Alvaro Tarik-ek idatzitakoaren arabera, “espontaneoki uztartzen ditu airean surf kutsuko gitarra frenetikoen uhinak, Sevillako Aste Santuko prozesioetako kornetekin edo Djiango Reinhardt jazz gitarra jotzailearen akorde batzuk San Juan de la Cruzen bertsoekin”.

Joseba Irazoki & Lagunak, Jai-O-Rama jaialdian

Pájarok parte hartuko duen Jai-O-Rama jaialdiak bigarren data bat ere izango du. Hala, martxoaren 20an Joseba Irazokik kontzertu berezia egingo du hainbta musikariren laguntzarekin: Felix Buff (Willis Drumond) bateria; Ager Insunza (Audience) gitarra eta biolina; Jaime Nieto (We are standard) baxua; Iban Urizar (Andrakan, Cafe Teatro…) tronpeta eta zaratak; eta, azkenik, Igor Telletxea (Xabier Montoia, Petti…) tronboia eta bateria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button