MUSIKA

Le Bukowski musika klubean egitarau oparoa otsailean

Donostiako Le Bukowski klubak egitarau zabala ondu du hil honetan. Hala, kontzertu eta disko jartzaile andana pasatuko da bertatik. Hasteko, ostiralean, otsailak 8, Trifulca Posse & Friends taldeak rap, funk eta dub erritmoak zabalduko ditu inauterietako giroa berotzeko asmoz. Posse Dz, Dj Pata eta Syr disko jartzaileek osatzen dute Trifulca Posse.

Biharamunean, berriz, The Reverendos taldeak blues eta swing doinuak joko ditu. Asteburua Maher Shalal Has Baz izeneko musikari japoniar eta esperimentalaren emanaldiarekin amaituko da igandea.

Otsailaren 12an, Tweak Bird bikote estatubatuarrak stoner kutsuko erritmo melodiatsuak eta pisutsuak uztartuko ditu. Eurekin batera Yemen-Ra izango dira.

Otsailaren 13an, Book of Black Earth taldeko abeslari den King Dude (Thomas Jefferson Cowgill) estatubatuarrak folk eta Americana doinuak aurkeztuko ditu. Otsailaren 15ean, halaber, Zodiacs bizkaitarrek Radiaciones Luminosas laneko kantuak eskainiko dituzte. Otsailaren 16an, Correos taldeak joko du. Otsailaren 16an, 50eko eta 60 hamarkadetako soul eta rhythm and blues estiloko diskoak jarriko dituzte lau adituk.

Otsailean izango diren beste hitzordu interesgarri batzuk ondokoak dira: The Goodfathers ingeles rock zaleak 21ean; Pajaro bandaren rock instrumentala 22an; eta Dead Ghosts kanadarren garage-pop kantuak 26an.

Egitarau osoaren berri jaso nahi izanez gero: lebukowski.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button