ESZENA

Pabilioi 6-k abenduko egitaraua iragarri du

Bilboko Pabilioi 6 arte eszenikoen proiektu eta aretoak abenduko egitaraua jakinarazi du honezkero. Orotara sei antzezlan ikusi ahalko dira, tartean, Mursego musikariaren emanaldia, abenduaren 28an.

Dena dela, lehendabiziko hitzordua abenduaren 1ean izango da. Egun horretan ProtAgonizo izeneko antzezlana taularatuko dute. Obra hori abenduaren 2an, 3an eta 4an ere ikusi ahalko da. Emanaldi guztiak Eme Fatal zikloaren baitan ondu dira.

ProtAgonizo Ester Bellver aktore eta zuzendariaren bakarkako lana da. Antzezlanean emakumezko aktore baten istorioa kontatzen da. Aktorea bere kamerinoan agertuko da, ispilu aurrean. Bere begien aurretik bere ibilbidean zapaldu dituen eszenatoki guztiak agertuko zaizkio film baten antzera. 80ko hamarkadako errebista eta antzerki paperak gogoratuko ditu, eta era berean, haurtzaroko irudiak etorriko zaizkio burura. Beldurrak, une arrakastatsuak, ilusioak… bizitzaren hamaika alderdi agertuko dira, eta, azkenik, ispilua mila zatitan apurtuko da.

Abenduaren 9an eta 10ean, halaber, …Eta Karmele? obra taularatuko dute ,eta 22an eta 23an Neska Kabaret. 28an, gorago aipatu dugunez, Mursegoak kontzertua emango du, eta 29an eta 30an, berriro itzuliko da antzerkia Pabilioi 6-ko agertokira La Cancion de Gloria lanaren eskutik.

Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button