BESTELAKOAK

Ostegun honetan: Kontzertua eta erakusketa bikoitza Bilboko Euskararen Etxean

Azaroaren 13an, etzi, bi erakusketa berriren inaugurazioa, eta Occhi Di Farfalla bikotearen kontzertua programatu da Bilboko Euskararen Etxean. Hitzordua 19:00etan izango da.

Erakusketak Beñat Olea eta Ana Arsuaga artisten eskutik eratuko dira. Beñat Olea Legazpin jaioa da eta txiki-txikitatik jakin izan du marrazkilari izan nahi zuela. Arte Ederretan lizentziatua da, eta diseinu grafikoan eta ilustrazioan egiten du lan. Hainbat liburu (Sendero de Sangre, La Sonrisa de la Hiena), haurrentzako ipuin (Crow Toes Quarterly, Lisbon Labs) eta aldizkarietarako (Zazpika, Gaztezulo) ilustrazio egin ditu, baita komiki lanak ere (Afric’ Forum). 2011tik Hysterical Minds arte kolektibo internazionalaren parte da, eta hiru hilero onlineko erakusketa burutzeaz gain, bere lanak hainbat tokitan egon dira ikusgai (BEC-2012, Parallax Art Fair-Londres 2012).
Enkarguak burutzeaz gain, bere benetako irrika fantasiaz eta irudimenez osatutako munduak irudikatzea da, ikuslea hunkitzeko gai diren pertsonaiez jorratuak.

Ana Arsuaga Arte Ederretako ikaslea da. Pintura gogokoen duen arloa izanik, besteetan ere esperimentatzen du: argazkilaritza, bideoa… Antzerki mundua ere gertutik ezagutzen du, 2012an TOPIC museoan bisita dramatizatuak egiten baitzituen, besteak beste.
2013ko Inopias obrarako kartelaren egilea izan zen, eta baita 2014ko Días de Verano kartelarena ere, biak Tolosako Antzerki Tailerretan antzezturikoak. Bere lehen erakusketa Bilboko Anti liburudendan izan da aurten, non hainbat marrazki eta pare bat koadro izan dituen erakusgai.

Occhi Di Farfalla, rock feminista

Arteari Occhi Di Farfalla bikoteak jarriko dio musika. Miren Arangurenek (Iruñea, 1981) eta Hodei Estebanek (Zarautz, 1983) eratu dute Occhi Di Farfalla bikotea. Taldeak rock feminista eta akustikoa jorratzen du, eta sei kantuko diskoa argitaratu zuen joan den urtean. Taldeak berak adierazi duenez, “Occhi Di Farfalla proiektu akustikoa da. Letra feministak rock doinuz jantzi eta bideaz gozatzeko eginiko ekintza”.

Lan horretako hitzen harira, nabarmendu Goazen hemendik maitia kantua Imanol Epelde poeta zarauztarrak idatzitakoa dela, eta Outro doinuan, Clara Zetkin feminista-sozialistak 1932an emandako hitzaldi baten zati bat dela.

Facebook-en ekitaldiaren informazio gehiago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button