ARTEA

“Oroitzapen likidoak” edo heriotza ez onartzeari buruzko metafora

Titulu poetiko horren pean abiarazi du Donostiako Kubo-kutxak Daniel Canogarren erakusketa ikusgarria.

Espainia eta Estatu Batuen artean egin du artista horrek bere ibilbidea. Argazkilaritzan espezializatutako master bat egin zuen New York Universityn eta International Center of Photographyn, 1990ean. Hastapenetan argazkilaritzari heldu bazion ere, berehala piztu zitzaion bideo, eskultura eta instalazio artistikoekiko interesa.

Oroitzapen likidoak erakusketako obrek memoriari eta haren galerari egiten diote erreferentzia, eta horrekin batera kezka bat azaleratu nahi du: etengabeko eta gehiegizko informazioak ahanztura eta oroitzapenen desagertzea dakartza.
“Artistak gai horri ekiten dio hainbat planteamendutatik: hasi erabilpenik ez duten objektu eta material batzuen iraganeko bizitzaren memoria berreskuratzetik, egungo gizarte garatuei eragiten dieten aldaketak jaso eta digitalki eraldatzeraino. (…) Erakusketaren diskurtsoaren zati garrantzitsu bat oinarritzen da egunero nozitzen dugun etengabeko datu bonbardaketan, geureganatu ezin dugun datu kopuru eskerga. Prozesu teknologiko baten bidez, artista madrildarrak datuok hartu eta publikorantz proiektatzen ditu, animazio generatibo abstraktuen moduan, oso iradokitzaileak ikuspegi plastikotik eta transmititzen duten balio poetikoagatik”.

Hausnarketa ederra planteatzen du artistak irudi koloretsu eta nahasgarrien bidez. “Informazioak ihes egiten du, memoriak bezala, existentziak bezala. Oroitzapen likidoak erakusketaren proposamen plastikoa eta teknologikoa, beraz, zahartzeak eragindako beldurrari eta heriotza ez onartzeari buruzko metafora eder bihurtzen da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button