BESTELAKOAK

“Open House” Nazioarteko Jaialdia, asteburu honetan Bilbon

Arkitektura eta kultura-arloko jaialdia izango da Open House, eta, irailaren 23an eta 24an izango da. Guztira, 40 eraikin baino gehiagok ateak zabalik izango dituzte herritarrek bisitatu eta haien historia ezagutu dezaten. Eraikinak dohainik bisitatzeaz gain, beste jarduera batzuk ere egingo dira: gomendatutako ibilbideak, 360º esperientziak, Open House pasaportea, argazki-lehiaketa, eta erakusketak.

Open House ekimenaren asmoa hauxe da: “Hiria eta eztabaida zabaltzea herritarren artean, herritarrentzako jaialdia eta herritarren alde; hiriko auzo guztietan egiten den jaialdia, biztanleak, ikasleak, saltzaileak, … inplikatuz. Sarritan bizi garen hiria ez dugu ondo ezagutzen. Hori dela-eta, Open Housek gonbidapena luzatu digu bizitza kulturalean parte hartuz hiria hobeto ezagutzeko. Jaialdiari esker, herritarren bizimoduaren edo ametsen parte diren eraikinak bisitatu ahalko ditugu, hain zuzen, barrutik inoiz ikusi ezin izan ditugun eraikinak.
Horrela, inguruko eraikinek pertsonen oraina eta etorkizuna eraldatzen dituztela uler daiteke eta eskuratutako tresna berriez eta ezagupenez gure inguruari buruz eztabaida dezakegu eta erabaki haren etorkizuna. Open Houseri esker arkitekturaz eta hirigintzaz ikasteko aukera dugu, baina, batez ere, Bilbo ulertu egingo dugu”.

Uriaren eraldaketan eta historian protagonistak izan diren eraikin eta espazio asko daude, jende gehienarentzat erabat ezezagunak direnak. Jaialdi hau aukera egokia da horiek jendeari ezagutzera emateko. 48 ordutan Bilboko arkitektura, eraldaketa eta balioak ezagutu ahalko dira.
Jaialdia Bilboko arkitekturaren ordezkari bihurtuko da Open House Worldwide sarearen barruan. Sare horretan 30 hiri baino gehiago daude eta munduko arkitekturaren ekimenik handiena osatzen dute.

Informazio guztia www.openhousebilbao.org webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button