Nontzeberri

“Open House Bilbao” jaialdia, itsasadarretik zehar Barakaldo eta Getxora zabalduko da aurten

Iaz izandako arrakasta ikusita, Open House Bilbao jaialdiaren beste edizio bat iragarri dute aurten ere. Aurtengoa,  irailaren 28an eta 29an izango da eta, Bilbo ez ezik, Barakaldo eta Getxo ere hartuko ditu jaialdiak. Izan ere, aurten, Barakaldok eta Getxok ere bat egin dute Open House Worlwide nazioarteko 40 hiri batzen dituen sarearekin, arkitekturaren eta hirigintzaren esparruan, bikaintasunaren zabalkundea egiten duen ekimenarekin.

Hala, itsasadarra izango da aurten da jaialdiaren hari nagusia eta xedea, Bizkaiko arkitekturaren eta hirigintzaren jaialdia zabalduz. Era honetan, 70 eraikin baino gehiago ikusiko dira itsasadarretik, Bilbon, Barakaldon eta Getxon asteburu osoan zehar eraikinak doan bisitatzeko aukera emanez.

“Arkitekturaren, ondarearen eta hirigintzaren zabalkundea egitea da ekimen honen helburua, eta haien balioa agerian jartzeko, ostera, lurraldearen, kulturaren eta nortasunaren ezinbesteko osagaiak baliatzen ditugu”, azaltzen dute antolatzaileek.

Hala, aurtengo edizioan, 70 eraikin Open baino gehiagoko katalogo bat prestatu du jaialdiak,  herritarrek normalean bisitatu ezin izaten dituztenak. Jaialdiarekin, hortaz, aukera emango zaie bisitariei horiek ezagutzeko. Bisita hauek, gainera, bestelako jarduera espezializatuekin osatuko dituzte.

Barakaldon Munoa Jauregi dotorearen historia, Bilbo Handiko industrializazioan Labe Garaiek eta zama-tokiek izandako garrantzia, nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako dorretxe zaharrak, Galindo inguruko arkitektura berriak, edota estatuko kongresu-zentro handienetarikoaren dorreak eskaintzen dituen bista aparta eta historia ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango da. Eta Getxon, jauregi zaharrak ez ezik – horietariko batzuk Bilboko eraikin garrantzitsu batzuekin loturak dituztenak –,  Getxoren garapenari buruz mintzo diren obra garaikideak ere bisitatu ahal izango dira.

Eta Bilbon aldiz, hiriak pairatutako hiri-transformazioa ezagutu ahalko da itsasadarrari lotutako hiru garai historikoen bitartez: merkataritzaren itsasadarra, industriaren itsasadarra eta zerbitzuen itsasadarra.

Parte hartu nahi duenak, jaialdiari buruzko informazio osoa ikus dezake openhousebilbao.org web atarian.

Exit mobile version