MUSIKA

Oñatin uda ondo pasatzeko, “Kalea” jaialdia

Oñatin Kalea jaialdia antolatu dute udako programazioaren barruan. Joan den astean Ganbara Faktoriak musika eta antzerkia barnebilduko duen programazioari hasiera eman zion.

Bihar bertan, Amorebieta-Etxanoko  Haizetara jaialdian parte hartu ostean, Broken Brothers Brass Band taldeak bere soinuak haizatuko ditu herriko kaleetan.
Datorren asteko asteazkenean, uztailak 10, Aran Saiz Trio hirukotearen txanda izango da. Jazz eta pop estiloko abestiak zabalduko ditu talde horrek. 17an, beste musika estilo bat, folk kubatarra, izango da protagonista Havana 537 izeneko taldearekin.
Musikaz beteriko azken saioa Indiatik etorririko Parvathi Baul artistak egingo du. Herriko Lazarragako lorategian izango da, uztailaren 24an.

Irailean ondu da azken hitzordua, eta kasu horretan antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da. Hortzmuga Teatrok Jule lana eroango du Oñatira.
Antzezlan horretan hauxe kontatzen da: “Eraikuntza bat eraistear eta bertako biztanle batek handik ateratzeari uko; izan ere, ametsa, edo hobe esanda, hainbat amets bete gabe ditu oraindik. Eraikuntza-lanetako zaindaria, aldiz, familia ezaren hutsuneak jota, ametsetan ernai; eta neskatoak, bilobak, familia zeharo ahaztuta, dagoeneko ametsetan ere ez daki. Konpondu beharreko katramila edo eta amets egiteko aukera paregabea; galdutako maitasuna berreskuratzeko eta ametsak gogoz amestu behar direla sekula ez ahazteko aitzakia, direnak direla ere eta ezinezkoak diruditen arren. Amestu dezagun beti gogoz, begiak zabalik eta ernai”.

Hortzmuga Teatroa  kale antzerki konpainia da, eta 1989an hasi zuen bere ibilbidea. Geroztik, hogeita hamar ekoizpen eta ekitaldi egin ditu. Horregatik, erreferentziako konpainietako bat bezala finkatu da euskal arte eszenikoen lanbidean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button