MUSIKA

ON, melodia urratuak

Itsaso Gutierrez Retolaza (Jauko Barik, Keike, Xarma) abeslari eta gitarra jotzaile donostiarrak gidaturiko egitasmo berria da ON. Atzo, azaroak 10, Durangoko Ahotsenea gunean aurkeztu zuen estreinako lan homonimoa eta autoekoiztua hirukoteak. Taldea Ibai Suarezek baxua jotzaileak eta Denis Alberdi bateria jotzaileak osatzen dute.

Sorpresa ederra jaso genuen bertan bildu ginenok. Izan ere, hardcore malenkoniatsuaren esparru amorratuan mugitzen da taldea, melodiei eta hard rock estiloko tarteei tokia utziz. Itsasoren gitarra melodiko, zikin eta urratuak Hüsker Dü, Leatherface eta antzeko punk sustraidun talde melodia zaleak ekarri dizkigu burura.

Diskoak 11 kantu jasotzen ditu, eta Koba estudioetan grabatuta dago 2012 uztailean. Xanpe teknikaria arduratu da nahasketaz eta masterizazioaz. Fernandok (Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla, Matxura) Neu nabigatzera kantuan abestu du, eta On kantuan Fermin Muguruzak eta Delirum Tremens taldeko Andonik parte hartu dute.

Hitzei dagokienez, gaiak emakumearekin lotuta daude, hala nola, bulimia, tratu txarrak edo feminismoa, bestelako kontuak ere jorratzen diren arren, bikote harremanak eta espetxeak, kasu. “(…) rocka baliatu nahi izan du emakumeek sufritzen dituzten injustiziak , eta derrigortuta emakumeek askotan jokatu behar izan dituzten paperak azalarazi eta salatzeko”, idatzi du Iker Barandiaran kazetariak diskoarekin batera datorren oharrean.

Kontzertuei dagokienez, abenduaren 14an Donibane Garaziko Kalaka ostatuan izango dira; 2013ko urtarrilaren 11n, berriz, Munitibar herriko gaztetxean, eta martxoaren 8an Aretxabaletako plazan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button