EZLEKUBAT

KOP: “Rage Against The Machinek muga guztiak apurtu zituen”

KOP Kataluniako crossover taldeak lan berria plazaratu du, Accio Directa. Disko horren promozioaz Euskal Herrian Baga Biga diskoetxea arduratzen dela baliatuz, Juanra Rodriguez abeslariarekin hitzordua egin dugu. Taldea 1998 urtean eratu zen, eta harrezkeroztik bere soinuan bilakaera argia izan du: hasierako hardcore esparrutik metalera jo dute, eta tartean elektronikarekin ere probak egin dituzte, egun jorratzen dituzten stoner pasarteak ahaztu gabe. Talde honek konpromiso politiko nabarmena dauka,-disko berri honen izenburua horren erakusle-. Hortaz, musikaz ez ezik, politikaz, ekonomiaz eta langile klasearen etsipenaz ere solastu gara abeslariarekin.

Zein harremana duzue Baga Bigarekin?
Kataluniako Propaganda Pel Fet diskoetxearekin atera dugu Acció Directa. Haiek diskoetxea eta magament bulegoa dute, eta Baga Bigarekin lan egin dute beste talde batzuk tarteko, eta Baga Biga Euskal Herriko promozioaz arduratzen da. Propagandak gure disko guztiak plazaratu ditu, gurekin jaio eta hazi dira.

Taldeak jada hamar urte bete ditu. Zein da balantzea?
1998 urtean hasi zen eta Internacionalista atera genuen, 2000an Ofensiva, gero single bat, gero Nostrat eta orain Acció Directa. Ibilbide interesantea egin dugula uste dut. Hamar urte hauetan musikak asko eboluzionatu du, bai tokiko mailan, bai mundu mailan, baina guk gure filosofiari eutsi diogu. Hitzetan konpromisoa mantentzen jarraitzen dugu, konpromiso politiko handia baitaukagu, kritika sozial handiko taldea gara.

Ematen du taldea testuinguru hardcore batetik jaio zela, baina egungo joerak metalera egiten du.
Ni zurekin bat nator, baina gainontzeko taldekideak ez. Ni uste dut crossover-a egiten dugula, alegia, hardcore, metal eta punk rock ukituak uztartzen dituen estiloa. Hala, kantu batzuetan metal portzentajea handiagoa, beste batzuetan hardcoreak presentzia nabarmenagoa dauka. Eta bai, nire ustez lehen hardcore zaleagoak ginen, eta orain, berriz, metal zaleagoak. Hala ere, egun stoner kutsua ere sumatzen da, riff gitarra pisutsuagoak. Thrashcore asko entzuten hasi ginen, DRI, Sepultura, edo Ratos de Porao, baina Rage Against the Machine agertu zirenean 90eko hamarkadaren hasieran gauza berritzailea izan zen, muga guztiak hautsi zituzten, eta edozein fusio mota baliagarria bilakatu zen.

Soinuak harritu nau. Kalitate handikoa, lan asko egin duzuela sumatzen da, eta garaikidea oso.
2009 urtean 40 kontzertu egin genituen. Gero hamar hilabetez konpontzen izan ginen. Energia asko eman genuen, eta kantuen muina ondo lotua izan genuenean estudiora jo genuen. 40 kontzertu horietan Iparraldeko Paxkal Etxepare izan genuen zuzeneko teknikari, eta apustu handia egin zuen gure alde, Iparraldetik Kataluniara etortzea jotzen dugun bakoitzean esfortzu handia baita. Konfiantza hori diskoaren grabazioaren bitartez itzuli nahi izan diogu. Beraz, Bardozen duen estudiora jo genuen eta bertan izan ginen lanean aurtengo uztailaren 19tik irailaren 2ra bitartean.

Diskoaren izenburua argia da: ekintza zuzenaren alde zaudete?
Alde gaude nabarmen, eta bereziki orain, XXI. mendeko lehenengo hamarkada honetan pairatzen ari garen krisi ekonomikoan, hain zuzen. Egoera horren errudunak higiezin- eta finantza-espekulatzaileak izanik, langileoi ordainarazi nahi digute. Egoera horren aurrean kalea atera behar gara, salatzera, protesta egitera, eta alde horretatik ekintza zuzenaren alde gaude. Ez gara etsipenean erori behar, gure buruaz beste egitea baita. Esaterako, klase langileak oraintsu erakutsi du bere atsekabea Espainiako Gobernuak egin duen lan-erreformaren harira. Herrialdea gelditu egin zen greba orokorraren ondorioz.

Diskoan Euskal Herriko musikarik askok parte hartu dute. Nola gauzatu dira kolaborazio horiek?
Ohikoa da KOPen kolaborazioak izatea. Ibilbide luze honetan benetako lagun eta kamarada asko egin ditugu. Gauzak ondo doazenean, taldearen alde daudenean, eta rocka gauez bero jotzen duenean, erraza da taldearen ondoan izatea, baina estatu espainiarraren errepresiorik gordinena pairatu behar izan nuenean (sei urtez kartzelan izan zen ETA erakundearekin kolaboratzeagatik) sentitu nituen benetako lagunak. Halaber, Katalunia eta Euskal Herriaren artean dagoen harreman berezia dela eta, hor Fernando Kuraia, -niretzat Fernando Sapo izango da beti-, hainbat abesti kantatu zituen Nostrat diskoan ni espetxean nengoela, eta orain ere berriro abesteko aukera izan du bi doinutan. Era berean, Non Servium-eko Carlitosek eta Komako Brigik Antinazis doinuan abestu dute, eta azkenik, Selektah kolektiboko DZk scratch-ak egin ditu. Niretzat Selektah talde kutuna da.

Fernando Sapo aipatu duzunez, KOP El Corazon del Sapo talde aragoarraren bertsio eguneratua dela esango nuke.
Fernandoren ahotsa ikaragarria da. Speereth taldean jotzen nuenean El Corazon del Sapo-rekin jo genuen eta niretzat Fernando erreferentzia da. Bai maila politikoan bai konpromiso mailan oso prestatua dago, eta, gainera, sortzaile handia da. Harro nago esaten duzunaz, horrela bada, zerbait ondo egin dugulakoan bainago. Plazera, benetan, Fer eta El Corazon del Sapo erreferentzia baitira.

Laster hauteskunde katalanak izango dira, eta talde politikoa zareten aldetik, zer irizten diezue?
Indargabetuta daude, egin den lan instituzional guztiak ez baitu ezertarako balio izan. Zapaterok bere garaian esan zuen Kataluniako Parlamentuak onartuko zuen guztiak bere baimen osoa izango zuela. Baina estatut-aren lehendabiziko zirriborroa iritsi zenean Madrilera, -ni ez nago dokumentu horren alde independentista bainaiz, baina demokratikoki aukeraturiko Kataluniako Parlamentuak egin du-, Alfonso Guerrak barre egin, eta esan zuen dokumentu horrek ez zituela Konstituzioaren mugak gaindituko, eta %80 murriztu zuten. Beranduago, antzeko zerbait gertatu da  Konstituzio Auzitegiarekin. Beraz, Kataluniako klase politikoak ez dauka zilegitasun politikorik Gorte espainolek etengabe bortxatzen dutelako. Haienak hitz hutsak dira zortzi urtetan ez baitute deus egin. Nik ez dut bozkatuko. Bestalde, CUP alderdia daukagu (ezkerreko eta independentista den alderdi politikoa da Herri Katalanen esparrukoa), eta udal hauteskundeetara aurkezten gara, maila horretan eragin handiagoa baitaukagu.

Itzuli gaitezen musika kontuetara, kontaiguzu zer edo zer Kataluniako musika eszenaz.
Ez naiz pertsona egokiena kartzelaldia dela eta aldenduta egon bainaiz, baina esango dizut nire talde kutunena AT Versaris hip-hop taldea dela. Katalanez abesten dute eta duela hiru urte eratu zen, eta haiekin konplizitate handia dugu. 2009 urtean egin genuen lehenengo kontzertuetan Bartzelonako Apolo aretoa bost egunetan bete genuen, eta guztietan gurekin igo ziren agertokira.

Etorkizunerako planik?
Jotzeko gogo asko daukagu, bira txikia egin dugu urriaren 1ean plazaratu den lan hau aurkezteko, eta jada 2011 urteko bira prestatzen ari gara. 60 kontzertu lotu nahi ditugu, Hego Amerikara itzuli, iaz Kolonbian izan ginen birritan, Europan barrena jo, eta jakina, Katalunian, Euskal Herrian eta estatuan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button