MUSIKA

“Oilo Pop”, kresal usainez datorren musika jaialdia

Oilo Pop formatu txikiko eta zirrara handiko musika jaialdiaren laugarren edizioa badator Bermeoko Talako Kantinara.

Larunbatean, abuztuaren 3an, izango da aurtengo hitzordua eta arratsaldetik gauerdira, bost taldek joko dute bertan, bertaratutakoei itsasoari begira, estilo, doinu eta erritmo ezberdinez gozatzeko aukera emanez.

Hala, Nafarroako Larraintzarretik, lehen bakarkako proiektua kaleratu duen Iñaki Larraioz musikaria dator: Larra Bideak. Funtsean, jauzi baten kronika izoztua biltzen du zazpi abestiko diskoak. Pop, folk eta blues uztartze intimista baten bidez egiten du zalantzaz eta esperantzaz betetako “istant horren erretratu musikala” Larraiozek.

MICE bertan ere izango da. Miren Narbaiza eibartarraren bakarkako proiektua da MICE. Napoka Iriako kide izateagatik ezagutu dugu eta gerora hainbat proiektutan ere bai, Perlak, Dual Split, Joseba B. Lenoir edo Drumkopters taldeetan. Bere bakarkako lehen diskoarekin, rock estiloko musika eta doinuak dakartza Oilo Pop jaialdira.

Estilo lasaiagoan dator Idoia Hernandez oiartzuar musikaria. Bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du jaialdian: Hatxe proiektua eta  musika klasiko garaikideko doinuak eskainiko ditu bere pianoarekin.

Bakelite da bertan izango den beste talde bat, Naiara Anasagasti (Paniks) eta Sergio Llanos (Eureka Hot 3, Atom Rhumba) musikariak osatutakoa. Riff baten gainean eraiki ohi dituzte kantuak eta gustuko dute horietako bakoitzak bere ukitua edukitzea, bluesarena, rock’n’rollarena edota countryarena.

Eta Katanga taldea izango da jaialdiari amaiera emango dion taldea. Iruñetik dator Katanga.  Zarys Falcon kolonbiarrak eta Iosu Marti Perry iruñarraren proiektu berria da berau eta musika karibetarra, kolonbiarra eta jamaikarra nahasten dituzte Zarysek eta Iosuk euren ikuskizunean. Eure abestiekin, Karibe aldeko Kolonbian bizi diren eta afrikarren oinordekoak diren emakumeen indarrari eta erresistentziari jartzen diete ahotsa.

Itsasoaren kresalez bustitako hitzordua duzue, abuztuaren 3an, Bermioko Talako Kantinan.

Informazio osoa, hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button