IKUS-ENTZUN

Oihaneder Euskararen Etxean, “Kortxeak & Krispetak” zikloa

Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxeak udako bost iluntzetan bost musika-dokumental eskainiko ditu Kortxeak & Krispetak zikloaren barruan. Filmok jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin. Zikloa borobiltzeko, Covid-19k ekarritako pandemia garaian bertan behera geratu zen kontzertu bat ere programatu da.

Kortxeak & Krispetak gaur bertan, uztailak 1, abiatuko da, eta  uztaila osoan  luzatuko da. Hala,  asteazkenero, iluntzeko 19:00etan, musikari edo musika talde ezberdinei buruzko filmak eskainiko dira Ortuño aretoan, eta  uztailaren 31n, ostiral iluntzean, 20:00etan, ondu den kontzertua Falerina lorategian egingo da.

Esan bezala, zikloa gaur bertan hasiko da, Fermin Muguruzak zuzendutako Beltza naiz dokumentalarekin, iluntzeko 19:00etan. “Making of gisako dokumentala da hau, Black is Beltza filma nola egin zuten kontatzen duena. Bi zatitan banatzen da: lehenak, Black is Beltza filmaren inguruan transmedia proiektu bat nola garatu zen kontatzen du, eta horren ardatza filmean parte hartu zuen Amaia Jackson afro-euskalduna da (aita Tanzaniakoa eta ama Zarauzkoa); eta bigarrenean, berriz, animazio prozesua azaltzen da zehatzago, eta artista nahiz aktibistekin egindako elkarrizketak tartekatu dira”.

Uztailaren 8an, Seamus Murphy-k zuzendutako A dog called money filma emango da; uztailaren 15ean, Texas Outlaw Music mugimenduan sakontzen den Ethan Hawke-n Blaze filma; uztailaren 22an, Kikol Grau zuzendariak 2020an argitaratutako Los demenciales chicos acelerados. Primera parte: Euskadi y tal, Euskal Herriko garaiko punk taldeei buruzko errepaso paregabea eta azkarra; eta uztailaren 29an, azkenengo filma eskainiko da, Amy, Asif Kapadia-k zuzendutako Amy Winehouse artista britainiarraren bizitza eta heriotza azaltzen duen dokumentala.

Eta diogun bezala, uztailaren 31n, Ibil Bedi talde nafarrak zikloari emango dio amaiera kontzertu eder baten bidez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button