ARTEA

Oier Iruretagoiena artistaren “Hezur berriak” erakusketa, Bilboko Carreras Mugica galerian

Oier Iruretagoienak Hezur berriak erakusketa zabaldu du Carreras Mugica arte galerian, eta datorren uztailaren 30era arte egongo da ikusgai.

Bigarrenez jartzen ditu Iruretagoienak galeria honetan bere obrak eta oraingoak 2015ean Gazta-hezurra izenburupean egin zuen proiektuari keinu egin dio.

Hartara, oraingo honetan aurkeztutako lanen artean gehienak Mundu gabeko paisaia sailekoak dira, etxe pribatuetako hormetan egon ondoren baztertuak izan diren margolanekin osatutakoa. Landa-paisaiak irudikatzen dituzte margolanek,  “nekazal-gauzekiko nire interesa eta margolanek eurek seinalatu duten bidea direla,  gai horren aukeraketan eragina izan duten arrazoi nagusiak”. Hala, ikusgai dauden obrak bi norabidetako arrazoien topaketaren ondorio direla argitzen du artistak, bere obraren nondik norakoa azaltzerakoan.

Lan hauek egiteko prozesuan, estudioko egunerokotasunean lanekiko etengabeko elkarrizketa omen da pisu gehien hartzen duen alderdia, “margolan zatien mozketa, elkarketa eta desegite etengabeen bidezko konposizioak”, hain zuzen.

Eta erakusketa osatzeko, Bird & Bone saileko bi eskultura ikus daitezke bertan: giza izterrezur baten eta sintetizatutako hegazti baten figuraren kopien bidez osatutakoa bata; eta, Cold Ears bestea, belarri baten kopietatik abiatuta egindakoa. “Biek jolasten dute oso geurea senti dezakegun elementuen aurrean jartzearekin, kasu honetan geure gorputza”, azpimarratzen du Iruretagoienak.

2011n  EHUn, Arte Ederretan lizentziatu zen  Oier Iruretagoiena (Errenteria, 1988), eta bere lana eskulturaren, soinuaren eta testuaren artean garatzen da.  Bere ibilbide artistikoan zehar, Bruselako WIELS erresidentzia programa burutu zuen 2018an, eta honako erakusketetan parte hartu du berriki: David Bestuek komisariatutako erakusketa  Halfhousen (Bartzelonan, 2018);  Bi Dos Two, Azkuna Zentroan (Bilbo, 2018); Cale, cale, cale! Caale!!!, Tabakaleran, Juan Canelak komisariatuta (Donostia, 2017); eta Otzan, Elba Benitez galerian (Madril, 2016).

Informazio gehiagorako, ikusi carrerasmugica.com webgunera jo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu