LITERATURA

“Obabakoak” Klasikoen VI. Irakurketa Jarraitua ekimenean

Bernardo Atxagak idatziriko Obabakoak lanak 25 urte beteko ditu. Horrek, Bilbon urtero egiten den Klasikoen Irakurketa Jarraitua ekimenaren antolatzaileak kontuan izatera bultzatu ditu.

Duela bost urte Axularren Gero irakurri zen, duela lau Mogelen Peru Abarca, duela hiru Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela bi Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eta datorren urteko ekainaren 13an, Arriagan, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolaturiko  Klasikoen VI. Irakurraldi Etenik Gabean Obabakoak lana irakurriko da.

“Egia da klasikoa hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1988an argitaratutako liburu bat -Obabakoaken kasua, hain zuzen- klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartuko. Bernardo Atxagaren lana euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun”, aitortu dute antolatzaileek.

Horren harira, Bilbo Zaharra euskaltegiak hainbat saio antolatuko ditu datozen hilabeteotarako. Hala, lehen hiruhilekoan, Paisaiaren Adiera lemapean, Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano arituko dira azaroaren 20an; Anari eta Iñigo Aranbarri azaroaren 21ean; eta, azkenik, J.A. Arbelaitz eta Juanfe Garcés bikoteak ekoitziriko Leku hutsak, hitz beteak filma azaroaren 22an ikusgai izango da. Saioak, Bilboko Plaza Barrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, 19:00etan.

Datorren urteko lehen saioak plagioaz ardaztuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button