BESTELAKOAK

“Obabakoak”-en edizioa berezia bere 25. urteurrenean

Bernardo Atxaga eta Obakakoak lana protagonista dira aste honetan Bilbon. Aurten Obabakoak obraren 25 urteurrena denez, ekitaldi bereziak antolatuko dituzte ekainaren 17tik 20ra Bilboko Arriagako plazan. Hortxe karpa bat jarri dute, eta bertan erakusketa bat, idazleen hitzaldiak, euskara eta dantza ikastaroak, …, denetarik egongo da gailurra den obra honen inguruan.

Bilbo Zaharra Euskaltegia da antolatzailea eta Forum zikloa ere antolatu du. Atzo, Bernardo Atxaga mintzatu zen; gaur Ibon Sarasola eta Inazio Mujika arituko dira eta hirugarrenean Iñaki Irazu eta Joxan Goikoetxea.

Gaur ostera, beste ekimen xume bat egon da karpa horretan. Euskal literaturaren mugarri honek Euskarazko Euskadi Literatura Saria 1989, Kritika Saria Narratiba 1988 eta Narratiba Sari Nazionala 1989 jaso zituen, eta gaur beste edizio berri eta espezial batek ikusi du argia Erein argitaletxearen eskutik, lehen aldian egin zuen bezala. Mahaiaren bueltan Inaki Aldekoa eta Bernardo bera bildu dira lan honek biltzen duen gure herrietako edo baserriko izpirituaz mintzatzeko. Eta antzarrez eta ispiluez mintzatu dira, eta mamuez, eta gaztaroez, eta literaturaz eta iraganeko bizitzaz. Bertan ere, argia ikusi duen edizio berriari ilustrazioak gehitu dizkion Marta Cárdenas egon da, eta baita Alfaguara argitaletxeak ondu duen gaztelaniazko bertsioa aurkeztera etorri den Pilar Reyes zuzendaria.

Hogeita bost urte bete dituen klasiko hau ipuingintzaren sintesia da. Hala, genero horretan ezinbestekoak diren korronte eta autoreen eraginak biltzen ditu maisuki: Edgar Allan Poe etaTxekhov kontakizunak; gure ahozko tradizioa, tartean Joxe Arratibelen Kontu zaharrak eta Auspoa saila; Latinomerikako maisuak, tartean, Rulfo, Cortázar, eta Borges…

“Azken finean, literatura oso baten hausnarketa eta sintesi bat eskaintzen du Atxagak bere liburuan. Literatura eta bizitza bera imajinatzeko modu bat, begiratu bat. Munduari eta gizakiari erantzuna emateko abiapuntu eta estilo bereizia. Sinbolismoaren eta erromantizismoaren garaietatik landu eta garatu den tradizioa izan da berea ere”.

Modernitatea eta tradizioa lotzen dituena, alegia, abangoardiako literatura eta ahozkotasun zaharra. Dagoeneko, guztion ondare bihurtu den lan literarioa.

Orain, Ereinen eskutik, liburu berri eder batean kondentsatua duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button