LITERATURA

“Obabako Testiguak”, literaturari buruzko saioa Info7 irratian

Info7 irratian literatura ardatz duen Obabako Testiguak izeneko irratsaio berria entzun daiteke. Dagoeneko lehenengo saioa sarean dago entzungai. Martin Riella eta Peter Ostolaza dira saioaren arduradunak.

Hamabostero behin egiten dute saioa, ostegunetan, 22:00etan, eta Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak duela sei hilabete inguru sorturiko izen bereko ekimenaren jarraipena da. Izan ere, Añorgan, hilero elkartzen dira irakurleak proposatutako liburu baten inguruan eztabaidatzeko xedearekin.

Bi motatako saioak egingo dituzte: batetik, A saioa, non gonbidatu batek hartuko duen saioaren zatirik handiena; eta bestetik, B saioa, horretan gai zehatz bati helduko diote.

Hala, lehenengo saioan Ugaitz Agirre poeta gazte usurbildarra elkarrizketatu zuten, eta bigarren saioan, ostera, Beat belaunaldiko idazle estatubatuarrak izango dituzte aztergai. B motako saio horietan, gainera, bestelako atalak ere izango dira, tartean, liburuen kritikak.

Bestalde, badira hamabostean behin landuko dituzten gaiak ere, alegia, sail edo tarte iraunkorrak: Mikroipuinak, Kantu kontari, Puntuka… beti ere, letrak uhinen bitartez zabaltzeko asmoz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button