ARTEA

“Noctis Labyrinthus” erakusketa, Elorrion

Hiru fotograforen audiobisualak, hiru begirada iluntasunari, proiektatuko dira gaur Elorrioko Casajara jauregiaren lorategian, Noctis Labyrinthus izenburupean. Segun Lazkanoren Ero, Txelu Angoitiaren Angst eta J.M. Arruabarrenaren Moo izeneko lanak izango dira ikusgai.

“Gaua gizakiaren alderik ilunenaren metafora da hiru kasuetan. Eta bide horretatik, dekadentzia, beldurra, ezinegona eta eromena ageri dira euren argazkietan”. Gainera, Angoitiak eta Arruabarrenak idazle askoren testuak irakurriko dituzte, Fran Lasuen musikariaren doinuek lagundurik.

Hiru argazkilariek honako hitzak igorri dizkigute proiektu hori zertan den jakinarazteko. “Hiru urteko ibilbidean une gozoak eta egoera beltzak izan ditugu, Segun Lazkanoren agurra esate baterako (berak alde egin arte, hiru lagunek bultzatu genuen proiektua). Orain dela hiru urte, lehenengo erakusketa egin genuen Casajaran bertan; ondoren, beste hainbat gertakari etorri ziren: hiru argazki-liburu argitaratzea, erakusketak toki berezietan, argazki-proiekzioak, testu literarioen irakurketak eta sariren bat ere bai. Une honetan Musikaire jaialdiak aukera aparta eskaini digu: gu jaio ginen tokian bertan, abentura honetan lagundu diguzuen guztiok elkartzeko parada. Horretarako, argazkigintza eta literatura uztartzen duen ekitaldi xume bat prestatu dugu, Fran Lasuen musikariaren laguntzarekin. Guretzat oso pozgarria izango da denok elkartzea, eta argazkiak, musika, literatura nahiz tragoren bat partekatzea”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button