MUSIKA

Nneka eta Bebe musikariek Atlantikaldia jaialdian parte hartuko dute

Hilaren 20tik 23ra, Errenteriako Atlantikaldia jaialdia egingo da. Ekimenaren bosgarren edizioa izango da, eta bere xedea da munduko txoko ezberdinetako musikak, hizkuntzak, gastronomia, jolasak eta bestelako jarduerak zabaltzea.

Aurtengo edizioaren kartel-buruak Bebe eta Nneka izango dira. Biak ala biak emakumeak dira. Lehenengoa aski ezaguna da gurean. Extremadura jaioa, 2004an gehien entzundako kantuen zerrendetako lehenengo postuetara igo zen Malo eta Ella abestiek eragindako arrakastaren ondorioz. Bere musikan askotariko estiloak nahasten ditu: folka, baladak, rock edo flamenko berria, besteak beste.

Nneka, berriz, Nigeriako artista da. Afro-soul estiloko ahots handia d, eta bere kantuetan konpromiso handiko hitzak txertatzen ditu. Erykah Badu edo Lauryn Hill artista ezagunekin aldera daiteke. Bere azken diskoak, My Fairy Tales, oso harrera ona izan du soul zaleen artean.

Jaialdian parte hartuko duten beste artista batzuk hauexek dira: Kalaka bandako taldekide ohi Thierry Biscaryk gidatutako Manez eta Kobreak; Brasilgo Sertanília; Palestinako 47 Soul edo Esne Beltzak.

Egitarau osoa hemen duzue: atlantikaldia.errenteria.eus.

http://atlantikaldia.errenteria.eus/es/

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button