Nontzeberri

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak

Alberdania Argitaletxeak Irene Solà idazle katalanaren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak izeneko eleberria kaleratu du. Joxan Elosegi itzultzaileak ekarri du euskarara.

Irene Solà idazlea da baina horretaz gain, artista plastikoa ere bada, eta arrakastaz aritu da bi langintza horietan. Bere lehen poema liburuak (Bèstia) Amadeu Oller Saria jaso zuen 2012an; bere lehen eleberriak (Els dics) 2017ko Documenta Saria, eta orain euskaraz agertzen den lanagatik Eleberri Saria irabazi zuen, eta gaztelaniara itzulitakoan, Cálamo Saria.

Eleberriaren literatur-asmo nagusia honakoa duzue: “Pirineoaurrean kokatzen den historia honetan partaide diren guztiek dute ahots propioa, guzti-guztiek: pertsonak mintzo dira, adibidez, lurralde horretan bizi direnak eta bertan bizi izan direnak, orain hilik-edo daudenak, baina baita hodeiak ere, eta orkatzak, eta maitagarriak, eta laminak, eta urkaturiko sorginak, eta txakurrak, perretxikoak… Horixe baitzen nire asmoa, hain zuzen: ahal nuen ikuspegi guztietatik kontatu nahi nuen historia hau”.
Argitaletxeak azaldu duenez, bi heriotza bortitz jasaten dituen familia baten inguruan josi du idazleak narrazioa, bertan txertatuz irudiak, poemak, beste hizkuntza bat,…. “mundu ikuskera ugari horien ondoan, hitzek, literaturak, irudimenak duten ahalmen magikoaz ere hitz egin nahi nuen”, adierazi du idazleak.

Europar Batasuneko Literatura Saria irabazi berri du eleberri honek, eta kontatzearen atsegina eta plazera errebindikatzen ditu lerroz lerro, hitzez hitz. “Indar handiko narrazioan, hildakoen eta bizi direnen ahotsak ageri zaizkigu, eta Pirinioetako lurrarena, eta animaliena…, sen berezia darion begiratzeko eta kontatzeko modu teluriko batean, emakumezkoenak baitira eleberriko ahots guztiz gehienak. Akaso emakume baten eskutik soilik posible litzatekeen ikuskera baten arabera ehunduak”.

Exit mobile version