LITERATURA

“Beltzuria 10. irakurketa”, Mikelazulo kultur elkartean

Ixiar Rozasek Beltzuria 10. irakurketa eskainiko du bihar, otsailaren 26an, 19:30ean, Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean ZIZT! arte eszenikoen egitarauaren barruan.

Ahotsaren espazio estetiko eta politikoaren inguruko gogoeta den lanak, narratiba, poesia eta saiakera tonua erabiltzen ditu. Batzuetan dokumental baten eszenen modura, besteetan pieza eszeniko gisa antolatua, irakurketa honetan liburuko testuak, lengoaia, irudia, ahotsa eta soinutik abiatzen naiz haien aukera ikus-entzunezko eta performatiboetan bilatzeko.

Liburuaren argitaratzaile Pamielaren arabera: ”Zer gertatzen da ahotsaren espazioan. Zer, ahotsa desagertu aurretik. Eta ondoren, ahotsa desagertu ondoren? Ahotsak mukuru egiten du, gainezka, gehikeria modura. Pentsamenduan beti gailendu da hitza. Hitzaren eta esanahiaren erreinuak itzala egin dio ahotsari. Hitzak ahotsa ilundu du. Esanahiak ahotsa kendu dio hitzari, haragia, gorputza ezabatu dio. Esanahiaren erreinuan hitza ez da eztarritik irteten, ezta gorputzaren tolesduretatik ere. Eta ahotsa orokortasunez izan da begiratua, ulertua, ikertua.Bakartasuna, besteekin bakarrak egiten gaituen bakartasuna, alboratua izan da, ertz batean geratu da”.

Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972) narratiba, poesia, eszenarako testuak, testu kritikoak eta saiakera laburrak argitaratu ditu hainbat herrialde eta hizkuntzatan (Mexiko, Italia, Britania Handia, AEB, Portugal eta Eslovenia). Urte batzuk daramatzat ahotsa, gorputza eta lengoairen artean dagoen espazioa ikertzen. Euskadi Literatura Sariaren finalista izan zen 2004 eta 2006 urteetan. Egun Arte Hezkuntzako irakaslean (Mondragon Unibertsitatea) eta Azala espazioko lantaldeko kidea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button