MUSIKA

“Neure txiki polita” Mendibilen azken lana

Gontzal Mendibil zeanuriztarrak, Neure txiki polita disko berria kaleratu du eta bertan Gorbeialde inguruko kantuak batu ditu. Gorbeia magalean jaio eta bizi izan diren bizipenak, sentipenak eta ilusioak dastatzera datorren lan musikala dugu oraingo hau.

Baina kantu tradizionalak izan arren, modernoak ere badira egileak berak eman nahi izan dion ukitu pertsonalari esker. Folk, pop, rock sinfoniko edo swing estiloak hartu ditu oinarri Mendibilek, geure memoria kolektiboan dauden kantuak berriztatuta ekartzeko.
Inguru harekin lotuta baina tradizionalak ez diren kantu bi ere batzen dira diskoan. Kantuok Mendibilek berak sortutakoak dira eta bat Malkoak euri balira, Sabin Intxaurraga lehengusua zenari egindakoa da. “Diskoa grabetako preparetan egon nintzanean, igazko abenduan, Lete hil jakun eta handik lasterrera neure lehengusu Sabin eta orduan kantu bat Malkoak euri balira egin neutsan barrubarrutik. Lete abenduan hil zan eta haren hiletetan Sabinek esan eustan “hurrengo kantaldira joango nauk”. Bera mendizalea zan, Gorbeiazalea, eta eskaini deutsadan Malkoak euri balira Gorbeiagaz lotuta dago”.

Atzo aurkeztutako lanaren gaineko kontzertuak ematen hasiko da laster batean. “Zeanurin jaietan, abuztuaren 14an, 22:00etan aurkeztuko dogu diskoa. Beharbada, geroago Igorren be egongo gara. Gurako neuke pare bat lekutan kontzertuak emotea eta ahal izan ezkero herri guztietan formatu txikian, bertako kantuak dira eta. Otxandion be egingo dogu seguruenik eta hainbat lekutan, Gasteizko jaietan, Bilbon be bai… Lehengo egunean Ean egon nintzan. Kantau nebazan kantu bi eta plaza guztia kantetan hasi zan. Ni aspaldi baten hasi nintzan kantetan eta orduan jenteak kantau egiten eban. Gaur egun, zoritxarrez, jenteak ez dau kantetan, danok entzule bihurtu gara. Eta nik gurako neuke neugaz batera jenteak kantetea eta asmoa hori da. Kantu honeek errezak dira kantetako eta bihotzean sartzeako be errezak”.

Hemen duzue kantariari egindako elkarrizketa bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu