ARTEA

Fermin Urdanozen bizi-erritmoak, Ziudadelan

Fermin Urdanoz (Iruñea, 1977) pintoreak Ritmos vitales izenburuko erakusketa paratu du Iruñeko Ziudadelan martxoaren 23ra arte. Artistak azken hiru urteetan egindako 28 koadro bildu ditu: akrilikoak eta mihiseak.

Erakusketan jasotako 28 koadro horiek gizakiaren gorputzaren inguruan ardazten dira, oso eroso sentitzen baita gai hori jorratzen; elementu horren bitartez, hain zuzen ere, bere sentsazioak transmititzen ditu. Horrela, artistak gutaz hitz egiten du, gizakion inguruan ari da, gizakiak munduaren biztanle gisa.

Koadroetan bizitzaren alderik ederrenak eta gordinenak uztartzen ditu, malenkonia kutsua ere antzematen da; malenkonia hori, hain zuzen, gizakiaren zalantza existentzialetatik sortzen da. Margolanetako protagonistak, halaber, anonimoak dira, lantzean behin artistaren senide edo lagunen bat agertzen den arren. Hautu horren bidez, figuraren misterioa sortu nahi du nafarrak.

Formatu ertainetan aritzen da eskuarki Urdanoz, baina azken boladan formatu handiko koadroekin ari da lanean. Hautu horren bidez, gorputz osoarekin lan egitea lortu du artista nafarrak, formatu txikietan nahikoa baita besoa mugitzea pintatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button