MUSIKA

Neneh Cherry-k itxiko du Donostiako Jazzaldia

Jazz abangoardiaren ordezkari nagusienetakoa izandako Don Cherry (AEB, 1936-1995) tronpeta jotzailea omenduko du gaur Donostiako Jazzaldiaren baitan bere alabaorde Neneh Cherryk (Estocolmo, 1964) The Thing taldearen laguntzarekin. Kontzertua Trinitate Enparantzan izango da eta Jazzaldiaren azken eguneko emanaldi nagusia izango da. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta Miles Smiles taldeak ere joko du. Banda hori ondoko musikariek osatzen dute: Robben Ford, Wallace Roney, Joey DeFrancesco, Darryl Jones, Omar Hakim eta Rick Margitza.

Cherryk hip hop doinuak uztartzen ditu bestelako musika estilo batzuekin. Gaurko emanaldia, baina, bere ugazaita izandako Don Cherry jazz musikari ezagunari egingo dio gorazarre The Thing hiruko suediar-norvegiarra ondoan izango duelarik. Tronpeta jotzaileak Ornette Coleman free jazz musikaria ezagutu zuen 1957. urtean eta haren bitartez inprobisazioaren eremu esperimentalean murgildu zen. Aurten Gasteizko jazzaldian izan den Sonny Rollinsen laukotearekin ere jo zuen 60ko hamarkadako lehen urteetan. Izan ere, bi urtez aritu zen Rollinsekin. Bere ibilbideko azken urteetan munduko musikak jorratu zituen.

Bertalde, 17:30ean Kursaal Auditorioan Madeleine Peyroux (AEB, 1973) abeslari eta gitarra jotzailea izango da. XXI. mendeko Billie Holiday dela esan dute jazz kazetariek. Izan ere, Holidayren kantuak moldatzen ditu bere zuzenekoetan Bessie Smith, Patsy Cline, Edith Piaf, Leonard Cohen, Bob Dylan, Hank Williams eta Tom Waits artisten doinuekin batera. Horretaz gain, bere kantu propioak ere egiten ditu, Standing on the Rooftop da bere azken diskoa.

Gaur izango diren beste kontzertu nabarmen batzuk ondokoak dira: Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Olivier Ker Ourio (harmonika); Nils Petter Molvaer tronpeta jotzaile norvegiarra edo Portugaleten bizi den Miguel Salvador gitarra jotzailearen laukotea.

Egitarauren xehetasun guztiak heinekenjazzaldia.com webgunean kontsulta daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button