ESZENA

Negutik udaberrirako jauzi loreduna

Loraldia jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan Imanol Agirre Loraldia Festibaleko zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua Lorea Bilbao; Bilboko Udaleko Kultura Saileko Zinegotzia Nekane Alonso, Patxo Telleria, Inun kantaria, Mikel Martinez, HIKA teatroa eta Oinkari dantza taldea bildu dira goitik beherako aurkezpena egiteko asmoz. Aurtengo lore buketa martxoaren 5ean abiatuko da eta hil horretako 26ra bitartean luzatuko da hainbat hitzordu interesgarrirekin.

Loraldia jaialdiaren laugarren edizioa Lau sormen-haizetara lemapean egingo da aurten. Guztira 22 egunetan 30 hitzordu kultural antolatu dira Bilboko gune askotan (Azkuna Zentroa, Bilborock, Elkar dendak, Kafe Antzokia, La Fundicion, Cafe Bilbao, eta bar), euskal kultura berriz lora dadin Bizkaiko hiriburuan.
Ohikoa den bezala edizio honetarako propio sorturiko hainbat lanek argia ikusiko dute “200 artistaren eskutik”, eta helburu zehatz batekin: euskal kultur industria suspertzea.

Gaur goizeko aurkezpenean jaialdian ikusiko diren proposamenen lagin batzuk aurkeztu dituzte. Hala, Mikel Martinezek Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña izeneko bakarrizketa egingo du Cafe Bilbaon. Patxo Telleriak Mikel Martinezi oparitu dio testu iradokitzaile hori, ordu txikietan gauzatuko dena.

Beste aldetik, eszenara salto eginez, proposamen askoren artean Sagartu ekarri dute aurkezpenera. Hika eta Oinkari dantza taldeek sagarra hartu dute abiapuntu ikuskizun honetan, izan ere, sagarra beti izan da tentazioa eta gure gastronomiaren gakoetako bat; hortxe daude sagardotegiak… Dantzariek dantza bizigarria eta alaia egin dute aurkezpenean bertan, sagarraren izpiritua kutsatzeko asmoz.

Musikaren atala jorratzeko Inun kantariak eskaini du bere disko berriaren kanta bat. Lan berria Aingurak izenburupean kaleratuko du musikari zornotzarrak, eta Berreginez eta Da Nola lanen ostean dator. Oraingo honetan hainbat musikari izango du lagun oholtzan, hala nola, Dani Tomás, Bihotz Gorospe, Argibel Euba eta Ekain Alzola.

Horiez gain, Antton Abbadia Dublinetik Hendaiara, Oteizak 110, Hiru Emakume,  Lekeitiokoak, Imanol Jazz, Ruper Ordorikari omenaldia, Banpiro Maitaleak eta beste mila lore-ikuskizun programatu dituzte Loraldia jaialdiaren barruan.

Guztiak jaialdiaren programazioan zehatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button