ESZENA

Nazioarteko XXXII. Folklore Jaialdia, Erandion

Bi talde ikusgarri arituko dira ostegun honetan, Erandion: Trabudu Dantzari Taldea, eta Irlandatik datorren Trim The Velvet.

Trabudu Dantzari Taldea 1976an sortu zen, Astrabuduko auzoan folklorea eta euskal tradizioak indartzeko asmoz. Gaur egun, 100 bat kide ditu, dantzari eta musikarien artean, eta 350 bazkide baino gehiago, Erandioko udalerrian eta bertatik kanpo. Bere helburu nagusia betetzeko, Trabudu taldeak konpromisoa mantendu du beti Erandioko eta inguruko herrietako jai eta ekitaldi guztiekin. Gainera, hainbat jarduera antolatzen ditu Astrabuduan urte osoan: Olentzeroren kalejira, Santa Ageda edo helduentzako dantza ikastaroak. 1980. urtean Trabuduk Bizkaitik kanpoko lehen emanaldia eskaini zuenetik, hainbat emanaldi egin dituzte Euskal Herrian, Espainian eta Europako hainbat herrialdetan, senidetzetan, jai ofizialetan, folklore jaialditan eta kultura trukeetan parte hartzeko. Bere bilduman, Trabuduk 7 euskal probintzietako dantzak antzezten ditu, mutilenak, neskenak eta mistoak, joko-dantzak eta dantza zeremonialak, baina beti tradizioari eta herri bakoitzeko moduei leial mantenduta.

Trim The Velvet Irlandako dantza tradizional baten omenez hartu zuen izena Belfasteko dantza-taldeak. Kathy O’Connor dugu taldearen sortzailea eta koreografoa, eta haren gidaritzapean trebatu dira taldeko kideak. Irlandako ekitaldi sonatuenetan jardun dute, eta herrialdearen ordezkari gisa aritu dira Europako nazioarteko jaialdietan. Dantzari eta musikari trebeak dira, ikuskizun benetan bikainak egiten dituzte, eta aise eramaten dituzte ikus-entzuleak musikaz, dantza hunkigarriz eta kantu gogoangarriz beteriko mundu batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button