ESZENA

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren egitaraua larunbatean abiatuko da

Hastear dago Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio berria, azaroaren 23tik abenduaren 1era garatuko dena. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan jaialdiaren egitaraua eta  hiru kontinentetatik 12 herrialdetako 14 konpainien ikuskizunez gozatzeko aukera izango du publiko zabalak.

38.edizio honetan ere, iaz izandako kalitate mailari eutsi nahi izan diotela azaldu du Juanj Corrales jaialdiko zuzendariak, eta horretarako, txotxongilo zein objektu bizidunak ardatz dituzten hamaika teknika erakusteko profesionalei zuzendutako tailerrak eta ikastaroak ere ondu dituzte. Era honetan, aurreko edizioko 3.600 ikusleren langa gainditzea espero dutela gaineratu du zuzendariak.

Baina kalitatea ez ezik, iaz bezala, Bilboko Jaialdiak elkarlana eta sinergiak ere baliatuko ditu bere helburuak betetzeko. Horretarako, txotxongiloak eta arte eszenikoak sustatzen dituzten beste elkarte nahiz taldeekin elkarlanean osatu dute egitaraua, haiekin harremanak eta komunean dituzten helburuak indartzea helburu dutela. Tolosako Topic, Pabellon 6, La Fundicion, Dantzerti, Artekale, Harrobia, edota Periplo dira kultur eragileetako batzuk.

Aurten gainera, erronka berria dutela adierazi du Corralesek, eta  jaialdiaren epizentroa Bilboko Campos Antzokiko Kupula aretoa izango bada ere, Bilboko zenbait auzoetako  (Otxarkoaga, Deustu, San Frantzisko eta Errekalde) Udaltegietara eta Bilbo inguruetara ere zabalduko dute jaialdia. Hala, Txorierri, Arrigorriaga eta Areatza bisitatuko ditu jaialdiak erakusketa ibiltari batekin batera.

Umeei eta gaztetxoei berebiziko arreta eskainiko zaiela ere gaineratu du Jule Garcia zuzendariak, eta eskola eta institutuetako ikasleei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte. Ekitaldi horietan parte hartu nahi duenak, baina, izena eman beharko du aurrez eta oraindik epea zabalik dutela argitu du Garciak. Doakoak izango dira emanaldiak publiko gaztearentzat, baina antzerkira joatearen truke, elikagai ez-galkorrak eramatea eskatuko zaie. Jaki horiek, Ongi Etorri Errefuxatuak taldeari emango dizkio antolakuntzak.

Txotxongiloek, arte eszenikoetan “nolabaiteko estigmatizazio zama bat” dutela-eta, gehienetan, umeentzako ikuskizunekin lotzen direla aipatu dute arduradunek eta euren txikitasunetik, publiko helduarentzat ere obra handiak egin daitezkeela azpimarratu nahi izan dute. Modu berean, mota askotako txotxongiloak daudela nabarmendu dute: “txotxongilo organikoak,  eskuekin egiten direnak, itzal-argiekin jolasten dutenak, antropomorfoak,  edota oihal, paper eta bestelako materiak erabiltzen dituztenak. Eta guztiekin gauza mezu eta sentipen asko transmititu daitezke”, azpimarratu dute.

Brasil, Italia, Grezia, Argentina eta Frantziako nazioarteko konpainien ikuskizunak ez ezik, Aragoi, Galizia, Valentzia, eta Andaluziatik datozen obrak ere eskainiko dituzte. Eta Euskal Herriko bi konpainien obren estreinaldiak, biak ala biak euskaraz, eta Campos Antzokian: La Enana naranja Bilbotar konpainiaren Kantukantari txotxongilo, musika eta objektu-antzerkia (azaroak 24);  eta Zurrunka gasteiztar konpainiaren Aioko obra (abenduak 1).  Eñaut Gorbea eta Nerea Ariznabarretaren sormen lan honetan ezberdina izateaz hitz egiten du. “Ezberdina izatea altxorra bada, gauzak ezberdin egiteak konponbideak badakartza, Aioko uharteko biztanleak ez dira honetaz jabetzen. Ezberdin izateagatik ingurukoek baztertu dituzten bi haur izango ditugu protagonista eta hauen bitartez ezagutuko ditugu giza komunitatearen komunikazio eta zaintza arazoak, hondamendiak, jeinuak, munstroak eta bidaia fantastikoak”.

Egitarauaren xehetasunak eta ikastaro zein tailerretako informazioa osoa duzue bilbaotxfest.org  jaialdiaren web orrialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button