BERTSOTAN

Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburuz

Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburu argiarekin, Etxepare Euskal Institutuaren, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker, What is bertsolaritza? izeneko ikus-entzunezko ederra gauzatu da. Bertsozale Elkarteko ikus-entzunezko lantaldeak zuzendu eta ekoiztu du, eta Xabier Payak landu du gidoia.

“Bertsolaritza unibertsala da eta, aldi berean, bakarra. Unibertsala dela diogu, aurrez aipatu bezala, kantu inprobisatua kultura askotan gertatzen den fenomenoa delako. Hala, kantu inprobisatuak kultura ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko bide bat eskaintzen du, bat egiten gaitu. Nazioarteko inprobisatzaileek elkarrekin eskaintzen dituzten bat-bateko saioak horren isla dira. Aldi berean, bertsolaritza bakarra da, beste hainbat ezaugarriren artean euskaraz egiten da eta horrek egiten du, batez ere, berezi.”

What is bertsolaritza? 20 minutuko ikus-entzunezkoa da, eta helburu zehatza du: nazioartean bertsolaritza zer den azaltzea. Ingelesez garatu da, eta euskaraz, gazteleraz eta frantsesez jarri zaizkio azpitituluak.

Irudietan “Bertsolari Txapelketa Nagusia baliatuz Euskal Herri mailan bertsolaritzak duen oihartzuna erakusten da eta, aldi berean, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ezagutarazten da: besteak beste, Birminghameko Unibertsitateko irakaslea den Karin Barberren, Missouriko Unibertsitateko irakaslea eta Oral Tradition Center-eko zuzendaria den John Zemkeren eta Sardiniako inprobisatzailea den Paolo Zeddaren iritziak jaso dira dokumentuan”.

Bestelako ekarpenak txertatu nahi izan dituzte, eta hala, sormen prozesuarekin batera, bertsolaritzak garaikide izaten jarraitzeko eman dituen pausoak azaltzen dira: belaunaldiartekotasuna eta emakume bertsolarien ekarpena, besteak beste.

Azkenik, bertsolaritzaren mugimenduaren errepaso azkar bat egiten da: herriz herriko bertso plazak, bertso eskolak, bertsolariak, Bertsozale Elkartea…

Informazio osatua www.mintzola.eus atarian eskura daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button