IKUS-ENTZUN

Euskal Zine Bileraren irabazleak

Film eder asko iragan dira Euskal Zine Bilera jaialdiaren pantailatik, eta horietariko batzuk sarituak izan dira. Guztira 19 ziren Sail Ofizialeko Lehiaketarako sailkatu ziren filmak, eta lan hauek urriaren 19tik 21era bitartean ikusi ahal izan dituzte Ikusgarri zine aretoan.

Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana epaimahaikideen arabera, Urrezko antzarraren irabazlea Julen Zubieteren Agur Artzai filma izan da, eta ondo merezita, film oso ederra baita. Azkenetan den bizimodu bat erretratu nahian, Julen, Gorbeian geratzen diren azken artzainetako batengana hurbildu da, Joserengana. Elkarrekin konpartituko duten denboran iraganerako ateak irekita geratuko dira atzean utzitakoari erreparatzeko. Epaimahaikideek  trebetasun handiko film baten aurrean gaudela azpimarratu nahi izan dute eta horrexegatik, berarentzat izan dira 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria. Joan den urteko Mendi Film Festibalean, Euskarazko Film Onena saria ere eskuratu zuen lan horrek.
Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Jon Aramendiren Habana Glass filmarentzat izan da. Haientzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Gidoi onenaren saria, Ane Zulaikaren Emakumeak Blai filmak hartu du. “Pelikula honek memoria eta etorkizuna berreskuratu egiten ditu emakumezko sareginen testigantzen bidez”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Gazte22 saria, Unax Alcubillaren KosmosPolita lanarentzat izan da. Sari honen irabazleak 22 urte edo gutxiago izan behar ditu. Epaimahaiak adierazi duenez “Gazteen indarra eta gogoa mundua aldatzeko azaleratzen digu”. Berarentzat izan dira Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.
Azkenik, EITB Ikusleen sariaren irabazlea Ekaitz Vertiz zuzendariaren Hitza eman nion lanarentzat izan da: Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Jaialdiak Euskal Zinemaren Begiradarekin Elena Irureta eta Ana Gabarain euskal aktoreak omendu ditu aurten, biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button