LITERATURA

Naturak badu bere mintzoa

Durangoko Azokari begira ateratzen diren liburu andanaren baitan, badira beti arreta berezia pizten duten lanak. Adibide horietariko bat Alberdania argitaletxeak publikatu duen Pello Zabalaren Natura labur mintzo liburua da. Izan ere, naturak egunero mintzatzen zaigu, modu batean edo bestean. “Egutegi zabal bat da liburua, hilez hil eta egunez egun doana, egun bakoitzari komentario mamitsuak erantsiz meteorologiaz, eguraldiaz eta iragarpenez”.

Pello Zabala jakituria sakonen jabe da. Gogoratuko duzuenez, irratsaio ugaritan parte hartu du, eta beti eguraldiari eta meteorologiari buruz hitz egiteaz gain, herri-jakintzarekin zerikusi zuzena zuten aholkuak eta komentarioak zabaltzen zituen. Bada, jakintza hori da Natura labur mintzo liburuaren hezurdura. Meteorologiaz dihardu, eguraldiaz, elurraz, euriaz, lainoaz, txingorraz… eta beste hainbat meteoroz.

Bere garaian arrakasta handia izan zuen Naturaren mintzoa liburu haren ondorengo zuzen-zuzena den Natura labur mintzo hori.  Eta bertan, Zabalak gomendio zehatza egin du:  “Naturak badu bere mintzoa, eta naturari erreparatzea nahitaezkoa dugu, basora sartu, eta sutarako egurra besterik ikusten ez duenaren jarrera aintzakotzat hartu nahi ez badugu behintzat. Eta laburra da mintzo hori gehienetan, ez baita natura alferrikako luzamendutan ibili zalea; laburra baina, mamitsua, eta halaxe, labur eta mamitsu saiatu naiz mintzo horren oihartzuna liburu honetan jasotzen. Badakizue, beraz: geldi zaitezte bidean, eta zentzumenak findu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu