LITERATURA

Gutun Zuria eta Mugako kontakizunak

AlhóndigaBilbaok, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren VII. edizioa hartuko du martxoaren 27tik apirilaren 6ra bitarte. Gaur goizean, prentsaurrekoan, Mugako kontakizunak lelopean abiatuko den ekimenaren nondik norakoak argitu dituzte.

Mugako kontakizunak kontzeptupean marra banatzaileak ikusaraziko dira, herstura eta bortxa baitakarte, eta era berean, identitatearen baieztapena. Hala, zentzu fisiko eta humanoan, Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko muga edo Afrikaren eta Europaren artekoa, presente egongo dira.

Literatura eta letren hitzordu honen barruan azpimarratu behar den lehen puntua da, Literaturako hiru Nobel saridun izango direla: Gao Xingjian (2000), Orhan Pamuk (2006) eta Herta Müller (2009), eta beraien ikuspegiak aditzera emango dituzte.

Hortaz, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren VII. edizioan letren inguruko adituen presentzia garrantzitsua izango da. Aurrekoez gain, Euskal Herriko nahiz nazioarteko beste idazle batzuk ere bertaratuko dira, hala nola, Ramon Saizarbitoria, Juan Goytisolo edo Claudio Magris .

Lydia Cachok eta Sergio González Rodríguezek, Mexikoko mugetan emakumeen aurkako indarkeria nola bizi izan duten kontatuko dute, eta Juan Goytisolo, bestalde, erlijioen arteko gatazkez eta kulturen arteko talkez arituko da.

Euskal idazleen presentzia nabaria izango da aurten. Aipaturiko Ramon Saizarbitoriaz gain, Txomin Peillen ere bertan egongo da, baita Arantxa Urretabizkaia ere.
Beste aldetik, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen eskutik Jainko txiki eta jostalari hura aurkeztuko da. Gainera, jaialdia martxoaren 27an abiatuko da, Matxalen Bilbaoren Self ikuskizunarekin.

Irakurlearen ordua, non idazleak eta irakurleak elkarrekin egoteko parada eskaintzen den, edota zinema izango dira ekintza paralelo batzuk. Ikus-entzunezkoari dagokionez, Le deuil de la beauté (Edertasunaren dolua) izeneko lana pantailaratuko da.

Noiz , zer, eta nor, ikusi nahi baduzue, Alondegiaren webgunea bisitatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button