LITERATURA

Nafarroako egileen literatura-antologia

Nafarroako Gobernuak Asier Barandiaran, Iratxe Esparza, Sho Hagio eta Javier Rojo adituek prestaturiko Nafarroako autoreen lehen antologia argitaratu du euskaraz; bertan, euskal literaturaren hasieratik 1900. urtera bitarteko zatirik esanguratsuenak bildu dira. Bildumako lehen alea Erdi arotik errenazimentura eta erromantizismora deitzen da.

Euskal literaturan ibilbidea egin dute ikertzaileek, Bernat Etxeparerekin hasita, Pedro Axularekin Errenazimendutik igarota, eta Arturo Campionen edo Franzisko Laphitzen Erromantizismoarekin amaituta, besteak beste.

Nafarroako Gobernuaren arabera, “antologiaren egileek, testuak hautatzeaz gain, idazleen eta haien obren inguruko zertzelada esanguratsuak eman dituzte, egungo irakurleak Nafarroako autoreen ekarpena hobeto uler eta ezagutu dezaten. Jarraipena izateko asmoarekin, lehen antologia honen atzetik beste hiru iritsiko dira egungo egileetara.

Asier Barandiaran Euskal Filologian lizentziatua da, eta Galdakaon (Bizkaia) jaio zen 1970. urtean. Nafarroan bizi da 1995az geroztik. 2003an doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Iratxe Esparza (Santurtzi, 1972) Euskal Filologian lizentziatua da eta doktorea Literatura Ikasketetan eta Literatura Konparatuan, Euskal Herriko Unibertsitatean. Sho Hagio (Kurume, Japonia, 1962) japoniar soziologoa 2016. urteaz geroztik Global Basque Studies irakasgaiko irakasle titularra da Tokyo University of Foreign Studies Unibertsitatean. Eta Javier Rojo Cobo Euskal Filologian doktorea da (2004) eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Departamentuan, Leioako Campusean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button