LITERATURA

Nafarroako Edizioaren III. Azoka

Azaroaren 20tik 24ra bitartean Nafarroako 21 argitaletxek, diskoetxek eta erakundek beren ekoizpena erakutsiko dute Iruñean. Horretaz gain, Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak azokarako askotariko jarduerak antolatu ditu, eta batzuk egun hauetan egingo dira.

Ekimenaren xedez nafar argitaletxeek eta diskoetxeek Nafarroan argitaratzen duten funtsa ikusaraztea da, “horrela, urtean behin, behintzat, herritarrek eskura izanen dute horien ekoizpen osoa, ez baita oro har horretarako aukera handirik egoten. Nafarroako gaien erakustazoka bat ere bada, tokiko historia, kultura, etnografia, artea, ekonomia, gizartea, kirola eta abar biltzen dituzten liburuak egonen baitira, gure errealitate hurbilaren adierazle. Orobat izan nahi du nafar autoreentzako oholtza, beren lana ikusarazteko aukera izanen baitute.”

Azaroaren 20an, inaugurazioaren hitzordua bada ere, Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak solasaldi sorta bat ere antolatu du. Atzo, adibidez, Hizkuntza gutxituetan editatzea izeneko solasaldia programatu zen. Eta ez da bakarra izango.
Gaur berton, Irudidun liburuak aztertzea izenekoa programatu da Chundarata liburu-dendan, 19:00etan, Raquel Garrido (Apila argitaletxea), Olga de Dios (ilustratzailea), Xabier Etxaniz Erle (HGLko ikertzailea EHUn) eta Unai Pascual (Denonartean argitaletxea) adituekin. Azaroaren 19an, Zer da argitalpen independentea. Esperientziak izeneko hizketaldia izango da Geltoki Aretoan, 18:30ean, Paulo Slachewsky (Alianza Internacional de Editores Independientes), Silvia Aguilera (LOM argitaletxea, Txile), Alfonso Serrano (La Oveja Roja argitaletxea, Madril) eta Mikel Buldain (Txalaparta argitaletxea) parte-hartzaileekin. Azaroaren 20an, asteazkena, Nafarroako Liburuaren Mahaia. Etorkizuna eta geroa mahai-inguruan bilduko dira Idoia Sobrino (Nafarroako Bibliotekarien Elkarteko presidentea), Miguel Izu (Nafarroako Idazleen Elkarteko kidea), Pablo Abarzuza (Nafarroako liburuzainen Diego de Haro elkarteko kidea) eta Aritz Otazu (Nafarroako Editore Independenteen presidentea).

Azokaren egitarau osoa hemen ikus dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button