IKUS-ENTZUN

Dock Of The Bay jaialdiaren Sail Ofizialean zortzi film lehiatuko dira

Dock Of The Bay musika dokumentalei buruzko Donostiako jaialdiak hamargarren edizioa egingo du 2017ko urtarrilaren 7tik 14ra arte.

Bada, Sail Ofizialean zortzi film lehiatuko dira: All these Sleepless nights (Michal Marczak, Polonia, Erresuma Batua); El charro de Touluquilla (Jose Villalobos Romero, Mexico); When The Earth Seems To Be Light (S. Machaidze, T. Karumidze, D. Meskhi, Georgia, Alemania); Waiting for B (Paulo Cesar Toledo, Brasil); Geometría del Explendor (José Ramón da Cruz, Espainia); Sound of Roots (Antxón Notario, Ainara Mentxaka, Ane Cerrato, Javier Blanco, Espainia); Sad Vacation (Danny Garcia, Espainia) eta Moz and I (Edgar Burgos, Esther Lopera, Espainia).

All these Sleepless nights filmak Zuzendaritza Onenaren saria jaso zuen Sundance jaialdian. Varsoviako bi gazteren gorabeherak kontatzen ditu: “jaiak etxeetan, raveak, klubak, alkohola, tabernak, zigarretak, musika, drogak, elkarrizketa existentzialistak, dantzak, sexua, afterrak eta gau pasa ondoko goizak”.

El charro de Touluquilla –k Jaime García Domínguez mariatxi mexikarrari buruzko bizitza biltzen du. “Harroa da, bohemioa eta limurtzailea”. When The Earth Seems To Be Light filmak, aldiz, Georgia herrialdeko skater eta musikari gazteen inguruko istoria gordetzen du.

Waiting for B-k Beyoncé musikari ezagunaren fan talde brasildar baten nondik norakoak kontatzen ditu, bai eta gazte gay horien aldarrikapenak ere.

Geometría del Explendor 1980ko harmarkadako Espainiako Explendor Geométrico talde industrial eta esperimentalari buruzko lana da. “(Taldearen) munduan barneratzen zaituen dokumentala da, konkistatuko zaitu, eta jarraitzaile ez bazara, jarraitzaile bihurtuko zaitu”.

Sound of Roots pelikulak, bestalde, Euskal Herriko ska eta reggaearen historia kontatzen du, hainbat lagunen testigantzen bidez: Josu Zabala (Hertzainak), Pedro Espinosa (Potato), Juantxo Skalari (Skalariak), Revolutionary Brothers donostiarrak…

Sad Vacation dokumentalak Sid Vicious (Sex Pistols) eta Nancy Spungenen heriotza aztertzen du. “Zer gertatu zen 1978ko urriko 12an Chelsea Hotelean? Benetan izan al zen Sid Vicious Nancy Spungenen heriotza eragin zuen labankadaren egilea?”.

Azkenik, Moz and I filmak ere fan edo zale amorratuen fenomenoa jorratzen du: “Le Nuit DJ-ren bilakaera pertsonalean eta Morrisseyren musika ibilbidean arakatzen du dokumentalak, eta agerian uzten du indieak nazio mailan egindako bidea. Besteak beste, The Smiths, The Primitives, Los Planetas eta Sexy Sadie elkartzen ditu film harrigarri honek”.

Jaialdiarean programazio osoa: dockofthebay.es.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button