BERTSOTAN

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 42. edizioa

Aurtengo txapelketan inoiz baino bertsolari gehiagok eman dute izena, eta guztira 33k hartuko dute parte.

Nafarroako Bertsolari Txapelketak 10 saio ditu: abenduan egin zen kanporaketa, eta larunbatetik aurrera jokatuko diren bost final-laurdenak, hiru finalaurrekoak eta finala. Eta honako helburuak bilatzen ditu: zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea; Nafarroako bertsolariak motibatu eta ezagutzera ematea; han eta hemen bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzea; eta bertsolaritzak Nafarroan duen prestigioa handitzea.

“Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua da. Parte-hartzaile kopuru handiak erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin. Horren bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzen da eta horretan aritzeko aukera izan dezatela. Gero eta gehiago dira Nafarroako herrietan sortzen ari diren gaztetxo zein helduentzako bertso eskolak. Dena den, lan horren alderdirik garrantzitsuena Nafarroako ikastetxeetan egiten den ekimena da, Bertsolaritza irakaskuntzan programa. Jakina denez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak finantzazioa kendu zion egitasmoari duela bi ikasturte. Udal eta mankomunitate askok erakutsi duten konpromisoari esker, programa mantentzea lortu dugu, oso murriztuta bada ere”.

Aurtengo txapelketaren 1. final-laurdena, larunbat honetan (otsailak 7) izango da Iruñeako Katakrak-en, 17:30ean. Bertan Jon Barberena, Joxema Leitza, Aritz Saragueta, Bittor Elizagoien, Unai Uberetagoena eta Oier Lakuntza bilduko dira.

Txapelketaren jarraipena egin ahal izateko www.bertsozale.eus webgunean informazio eguneratua eskainiko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button